Herritarrek Kexaako monumentu multzoa bisitatu ahal izango dute azaroaren 4tik aurrera
Larunbat, igande eta jaiegun guztietan izango dira bisitak, abenduaren 17ra arte
Herritarrek azaroaren 4tik abenduaren 17ra bitartean bisitatu ahal izango dute Kexaako monumentu multzoa, larunbat, igande eta jaiegun guztietan.
Horren berri eman dute gaur Ramiro González diputatu nagusiak eta Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, monumentu multzora egin duen bisitan.
Gonzalezek azpimarratu duenez, "monumentu multzoa, jada arabarren jabetzakoa den altxor material eta immateriala izateaz gain, elementu estrategikoa da, zalantzarik gabe, ingurua dinamizatu eta bultzatzeko, eta horrek Aiaraldeko garapen ekonomiko eta sozialean lagunduko du, eta horretan dihardu Foru Aldundiak, epe labur, ertain eta luzerako ekintzen bidez".
Del Valek adierazi duenez, "eskuratzearen helburuetako bat arlo publikorako berreskuratzea zen. Hasiera-hasieratik premiazko esku hartzeak egin dira, eta epe luzeagorako beste batzuk proiektatu dira. Baina argi genuen bisitak lehenbailehen egin behar zirela. Eta dagoeneko egin daitezke. Eta, horien bidez, ziur nago lurraldeko ondare elementu garrantzitsuenetako bat den multzo honetaz gozatu ahal izango dutela herritarrek".
Herritarren bisitak
Horrela, bada, Foru Aldundiak hitzeman zuen bezala, herritarrek Kexaako monumentu multzoa "lehenbailehen" bisitatu ahal izango dute. Bisita horiek, oraingoz, azaroaren 4tik abenduaren 17ra izango dira, 12:00etan.
Ibilbidea hau izango da:
1.- Multzoan sartzea. Erdiko patioa
2.- Adatseko Ama Birjinaren kapera
3.- Komentuaren barnealde pribatua:
• Komentuko klaustroa
• Komentuko bisita geletako bat bisitatzea (barrutik ikusita)
• Klaustroko lehen solairura sartzea
• Done Joan Bataiatzailearen eliza ikusi/bisitatzea goi korutik
• Adatseko Andra Mariaren kaperaren korua bisitatzea
4.- Dorrea
Gaurtik aurrera egin daitezke erreserbak 945.101.070 telefonoan edo reservas@kalearte.com helbidean.
Kontuan hartu behar da, gainera, urriaren 29an, igandea, Ondarearen Europako Jardunaldietan programatutako aparteko bisita bat egingo dela. Jendeari ireki aurreko jarduera izango da.
Egindako esku hartzeak
Eskuratu zuenetik, Foru Aldundiak, eta Kultura eta Kirol Sailak zehazki, multzoan hainbat esku hartze egin ditu, abian ditu edo egiteko konpromisoa du, hainbat foru zerbitzuren bidez. Guztira, 746.128 €-ko inbertsioa. Zehazki:
Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzua
• Azterlanak eta proiektuak: 114.826,39 euro.
• Arkuen Etxearen estalkiaren eta fatxaden egitura sendotzea: 151.960,45 €
• Luminarien, elektrizitatearen, suteen aurkako babesaren eta abarren instalazioak berrikustea eta egokitzea: 140.125,91 €
• Beste batzuk (hesiak, alarma...): 7.215,25 €
Guztira: 414.128 €
Museo eta Arkeologia Zerbitzua:
• Inbertsioak: hormak margotzea, ondasunak katalogatzea, zenbait elementu higigarri eta material erregistratzea eta aurrez egokitzea, monumentu multzoaren azterketa historikoa eta artistikoa: 46.150 euro.
• Zenbait garbiketa lan barrualdean eta kanpoaldean eta hondakinak erretiratzea: 33.000 euro.
• Lan teknikoak: apaizetxea, bisita gidatuak: 26.000 euro.
• Hainbat erosketa eta seinaleztapena: 10.000 euro.
• Zabalkundea, panelak eta informazio elementuak: 9.000 euro.
• Biltegiratzeko altzariak erostea: 6.000 euro.
Guztira: 130.150 euro.
Zaharberrikuntza Zerbitzua
• Hilobiak kontserbatzea eta zaharberritzea: 201.917,481 euro. (https://tinyurl.com/ynoymc69)
Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzua
• Komentu zaharreko dokumentu historikoak katalogatzea, digitalizatzea eta kontserbatzea. "Kexaa. Pergaminoak, paperak eta pribilegioak" erakusketa antolatzea (https://tinyurl.com/2p8j5xvn). Photo-Araba atariko argazkiak (https://tinyurl.com/4krarzxt). 2024an, dokumentu horiek guztiak Arabako Artxiboaren Atarian zabalduko dira.
Guztira, 746.128 euro. Horiei 2.694.000 euroko inbertsioa erantsi behar zaie. Beraz, Arabako Foru Aldundiak 3.440.128 € inbertitu ditu jada monumentu multzoan.
Ideia lehiaketa
Multzoa eskuratzean adierazi zenez, Foru Aldundiak, eta, zehazki, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailaren mendeko Ondare Zerbitzuak, ideia lehiaketa baterako deia egingo du, Kexaako monumentu multzoari balioa emateko eta monumentu multzoa eskualdeko elementu dinamizatzaile eta sustatzaile izateko prozesu batean lehen urratsak eman ahal izateko.
Kexaako monumentu multzoa
Foru Aldundiak Donostiako Santo Domingo monasterioko Ama Domingotarren Kongregazioaren jabetzako Kexaako monumentu multzoa erosi zuen, 2.694.000 euroren truke. Eskuratze horren bidez, honako higiezin hauek erosi ziren: Aiararren Dorretxe Jauregia, San Joan Bataiatzailearen komentua, Adatseko Ama Birjinaren kapera dorrea, apaizetxea eta beste eraikin batzuk.
Arabako Foru Aldundiak Kexaako multzo osoa erosteko interesa zuela agerikoa zen, eta azken hogei urteetan egindako ahaleginaren ondorio izan da; izan ere, denbora horretan eraikinak eta arte altzariak zaharberritzeko eta birgaitzeko obra garrantzitsuak egin dira, Arabako ondarearen kultura ondasun hori babestea eta berreskuratzea bermatzeko.
2002. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Monumentu Multzo izendatu zuten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen Kultura Ondasun Kalifikatuen Zerrendan sartu zen. Multzo hori, duen balio historiko eta artistikoagatik, ondare zibilari dagokionez ondoen kontserbatutako adibideetako bat da.
Multzoa Aiarako jaurerriaren erdigunea da, eta garai desberdinetan eraikitako zenbait eraikinek osatzen dute. Lanik garrantzitsuena Fernán Pérez de Ayalari, Elvira Álvarez de Zeballosi eta haien seme Pedro López kantzilerrari zor zaie.
Monasterioa 1378ko abenduaren 2an sortu zen, moja domingotarrak hartzeko. XVI. mendean sute bat izan zuen, eta hainbat aldiz berritu dute. Berrikuntzarik garrantzitsuena garrantzitsuena XVIII. mendean egin zuten.
Jauregiak oinplano karratua eta erdiko patioa ditu. Gotorleku itxura du, angeluetan bi dorre baititu. Jauregitik zuzenean sar zitekeen elizara.
Dorrea kantzilerrak eraiki zuen, 1399an, aurreko eraikin baten gainean. Hileta kapera jarri zuen han.
Done Joan Bataiatzailearen eliza. Egungo elizaren burualdea XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta gainerakoa XVIII. mendean. Barrualdean erretaula barrokoen multzo interesgarria eta Fernán López de Ayalaren eta María Sarmientoren hilobiak daude.
Kexaako monumentu multzoa Aiarako haranaren erdian dago, eta bertara Amurriotik Artziniegara doan A-624 errepidetik iristen da, Arespalditzaraino joanda eta han bigarren mailako sareko A-4620 errepidea hartuta.
Temas
Más en Araba
-
Arabako Foru Aldundiak ekonomia zirkularreko, industrializazio jasangarriko, energia garbietako eta ekodiseinuko Jardunbide Egokien Sariak deitu ditu
-
El nuevo monoplaza de Fórmula Student Vitoria competirá en Silverstone, Hockenheim y Lyon este verano
-
100 ikasle baino gehiagok parte hartu dute Arabako Foru Aldundiak sustatutako GeoArabaren lehen hezkuntza-irteeretan
-
Álava financia con casi 500.000 euros la mejora de los equipamientos municipales de Zuia, Zigoitia e Izarra