Gasteizko Udala edukiontzi berri batzuk instalatzen hasi da proba moduan. Edukiontzi horiek geldirik mantentzeko sistema bat dute instalatuta, haizeak irauli edo arrasta ez ditzan.

Horretarako, metalezko plaka bat finkatuko dute lurrean eta edukiontziari altzairuzko pieza batzuekin bildutako neodimiozko imanak instalatuko dizkiote, egun dituzten plastikozko hankak ordezteko. Imanak ardatz bidez egongo dira edukiontziari lotuta, eta ardatz horiek biratu egingo dira lurzoruarekiko zuzen daudela bermatzeko.

“Irtenbide hori erraza da, bateragarria bilketa-sistemekin eta ekonomikoa, ez delako inolako sistema elektrikorik behar. Halaber, eraginkorra da edukiontziak arrastatzea edo iraultzea ekiditeko, arriskutsua izan baitaiteke hori pertsona eta ibilgailuentzat”, adierazi du Pascual Borja Ingurumen Kudeaketako zinegotziak.

Zabalgana auzoko Mariturri bulebarreko 30 zenbakian dagoen birziklapen-irlan dauden edukiontzietan hasi dira instalatzen, haize-bolada indartsuak izaten baitira bertan. Gasteizko beste puntu batzuetan ere ari dira proba moduan instalatze-lanak egiten, eta pixkanaka joango dira Udalak erosi dituen 300 kit horiek Gasteizko beste puntu batzuetan jartzen.

“Kamioien bi moldeekin egindako bi altxatze-probek erakutsi dute erabat bateragarria dela egungo hondakinen bilketa-sistemarekin”, nabarmendu du Borjak.

Mendizabalako Lanbide Heziketako ikasleek garatu dute sistema osoa, Tkgune proiektuaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2014/15 ikasturtean abian jarri zuen ekimena da eta enpresekin berrikuntza-proiektuak garatzea du helburu, eguneraketa zientifiko edo teknologikoaren beharrei erantzuteko, eta enpresa txiki eta ertainetan zein LHko zentroetan berrikuntza sustatzeko.

Zeregin horretan, garrantzia berezia du ikastetxeek enpresen beharrei erantzuteko duten gaitasunak eta proiektuek erronka izan behar dute irakasleentzat.

Sistema komertzializatzen eta ezartzen ari dira dagoeneko Euskadiko hainbat udalerritan, baita Estatuko beste hiri batzuetan ere. Horrez gain, Frantziako Marseilla hiriko edukiontzietan ere ezarri dute.