Síguenos en redes sociales:

'Iistorio indartsuak', Gasteizen

World Press Photok istorio indartsuak ekarriko ditu Gasteizera Ur-biltegi Zaharrean dagoeneko ikusgai dauden 160 argazkiren bitartez

'Iistorio indartsuak', GasteizenUtzita

Iryna Kalininak 32 urte zituen eta erditzear zegoen Errusiak Ukrainako Mariupol hiriko amategi bat eraso eta bertan zauritu zuenean. Ospitaleko hondarretatik eta gerraren hondamenditik leku seguru batera nola eramaten duten erakusten duen irudia Evgeniy Maloletka berriemaile eta zinemagile ukrainarrak egin zuen, eta hura aukeratu dute epaimahaikideek, aho batez, irabazle nagusi World Press Photo fotokazetaritzaren nazioarteko lehiaketaren azken edizioan. Haurra, Miron izenekoa (“bakea” esan nahi du), hilik jaio zen eta, ordu erdi geroago, Iryna bera hil zen.

Hori da Montehermoso Kulturuneko Ur-biltegi Zaharrean azaroaren 15era arte ikusgai egongo den urteroko erakusketan 160 irudiren bidez ikus ditzakegun 30 istorioetako bat. Ikusgai dauden argazkiak 127 herrialdetako 3.752 kazetarik aurkeztutako 60.448 argazkien artetik aukeratu dira.

Gatazka armatuak, ingurumena eta hura babesteko teknologiak, Afganistanen bizitzeko dauden zailtasunak, hiyaba derrigorrez jantzi beharrari Teheranen aurre egiten dion neska gazte baten begirada tristea edo Estatu Batuetako gazteriaren zati bat irudikatzen duten azpigenero musikal berriak dira argazki horiek eskaintzen dizkiguten kontakizun indartsuetako batzuk, zeinak argi erakusten baitituzte kazetaritza grafikoaren sendotasuna eta beharra.

“Gasteizentzat udazkeneko kultur panoramako ezinbesteko ekitaldia da dagoeneko hau. Iaz 12.000 bisita baino gehiago izan zituen. World Press Photo geurea da, zalantzarik gabe, 21 urtez ez baitu hutsik egin Arabako hiriburuarekin duen hitzorduarekin. Urtero World Press Photo jasotzen duten metropolien zerrendaren parte da gure hiria, Hanburgo, Amsterdam, Mexiko Hiria, Toronto, Taipei, Barcelona, Tel Aviv edo Vienarekin batera, besteak beste. Mundu guztiko 60 hiri dira guztira, hau da, fotokazetaritzako profesional handien lanez gozatzeko eta kontzientzia hartzeko aukera handia da”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultur eta Hezkuntza zinegotziak.

2023ko World Press Photo-rekin batera, beste erakusketa bat dugu aurten Gasteizen: Ebrahim Noroozi argazkilariaren ‘Munduko herrialderik tristeena eta emakumeentzako okerrena’. Horrez gain, tailer-hitzaldi bat WPPren ohorezko aipamena eta bi Pulitzer sari irabazi zituen Emilio Morenatti-ren eskutik, azaroaren 14an.

World Press Photo 2023 erakusketaren barruan, eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEarekin eta Udaleko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuarekin elkarlanean, azaroaren 7an, asteartean, 19:00etan ‘EnfocAH: fotokazetaraitza, migrazioa eta babesa” mahai-ingurua egingo da Montehermoson. Biztanleriaren mugimenduen, migrazio-fenomenoaren eta errefuxiatuen estaldura mediatiko eta fotografikoari buruz izango hitz egingo dute eta hainbat gonbidatu izango dira: César Dezfuli fotokazetari eta World Press Photo sarietako baten irabazlea; Hanna Jarzabek, Poloniako argazkilari independentea (Polonia eta Bielorrusia arteko mugan egin duen lanak agerian utzi du errefuxiatuekiko moral bikoitza, Ukrainako gerratik ihes egin dituztenei harrera egin eta beste gatazka batzuetatik datozenak baztertzen baitituzte); Ane Irazabal migrazio-kontuetan espezializatutako EITB korrespontsala eta Ivan Muñoz, Dariengo Tapoitik, munduko ibilbiderik arriskutsuenetako batetik, itzuli berri den Mugarik Gabeko Medikuak GKEko kazetaria.

2023ko World Press Photo urriaren 11tik azaroaren 15era izango da ikusgai Montehermoso Kulturuneko Ur-biltegi Zaharreanasteko egun guztietan, jaiegunak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.  Sarrera doakoa da.