gande honetan, urriaren 1a, Adinekoen Nazioarteko Eguna da eta, horregatik, Udaleko Bizan sareak ekitaldiz betetako agenda antolatu du Andre Maria Zuriaren plazan. Edadismoaren inguruan egiten den sentsibilizazio lana ikusarazi nahi da Me mola mi edad esloganarekin.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziak nabarmendu du “adinekoek gizartea sortzeko ekarpena egiten dutela, beste adin, jatorri eta ideia batzuetako pertsonekin loturak ezartzen baitituzte. Haien kultur ezagutza eta balioak presente daude familien eta auzoen egunerokoan. Balio horiek askotan ez dira nabarmentzen, baina babes-sareak sortzea eta mantentzea lortzen dute eta ekarpen sozial garrantzitsua egiten dute”.

Kasu honetan, helburua da aurten BIZANen adinkeriari buruz egiten ari diren sentsibilizazio-lana ikusaraztea. Asmoa da herritarrei adinaren estereotipoei buruz -pertsonak adinarengatik diskriminatzen dituztenak- sentsibilizatzea, modu ludiko eta oso ikusgarrian. Aldez aurretik, adineko pertsonen talde batek landu ditu estereotipoak eta adinkeria. Lan horren harira sortu zen egun honetako leloa.

Helburuak eta programa

Antolatutako jardueren helburua da komunitatean adineko pertsonak eta adinkeriari buruz egiten ari diren sentsibilizazio-lana ikusaraztea. “Adinkeriaren aurrean pertsona bakoitzak eta gizarteak oro har zer jarrera duen sentsibilizatu eta kontzientzia hartu nahi dugu. Gure helburua adinaren estereotipoak apurtzea eta adinekoen parte-hartze aktiboaren, autonomiaren eta independentziaren balioa nabarmentzea da”, nabarmendu du Fernández de Landak.

Aurreikusitako programa nagusia urriaren 1ean bertan izango da, baina irailaren 26tik 29ra bitarte oihalezko poltsak banatuko dituzte “¡Me mola mi edad! / Nire adinean, itzel!”leloarekin, Florida Parkeko BIZANen informazio-bulegoan.

Urriaren 1eko jarduerak Andre Mari Zuriaren plazan izango dira. 11:30ean informazio-postua zabalduko da egunaren berri emateko, leloa duten poltsak banatuko dituzte eta pertsona bakoitzaren adina adierazteko pegatinak banatuko dituzte, Kale Heziketako Programako gazteen laguntzarekin.

Ordu erdi geroago, aurkezpen-ekitaldia hasiko da, eta egun horretako leloa landu duen talde eragileko adineko bi pertsonaren esku egongo da. Jarraian, giza katea egingo da espiralean Andre Mari Zuriaren plazatik. Bertan parte hartzen duen pertsona orok poltsa baten mutur bat hartuko du, kanpainaren leloa ikus dadin.

Jarraian, txokoak jarriko dituzte martxan. Adinarekin lotutako estereotipoak zalantzan jartzen dituen erakusketa interaktibo bat, photo-calla, ehoziri-lanen erakusketa eta joko tradizional erraldoiak izango dira. Trizikloan egiteko belaunaldien arteko paseoak egingo dira hiriko erdigunean zehar.

Ekitaldiei Felixek eta Nievesek, BIZAN kanta lehiaketaren irabazleek, emango diote amaiera eta bertan dauden pertsona guztiek elkarrekin abesteko aukera izango dute.