Pelikua desberdinak nahi dituzten herritar guztientzat.

Vital Fundazioak antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Asteak iazko zinema dokumentaleko produkziorik onenak aurkeztuko ditu berriro. Urriaren 2tik 5era bitartean, Vital Fundazioa Kulturunea (Bakea kalea 5, 1. solairua, Dendaraba, Vitoria-Gasteiz) berriz ere izango da euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketaren agertoki. Ostiralean, hilak 6, azken emanaldia Kuartangon izango da (Kuartango Lab antzokian). “Lurraldeko gainerako tokietan ere kalitatezko kultura jarduerak antolatzeko konpromisoa indartu nahi dugu”, nabarmendu dute Vital Fundaziotik. Emanaldiak egunero izango dira, 19:30ean, eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.

 Vital Fundazioak antolatzen du dokumentala protagonista duen ekimen hori eta gaurkotasunak eta kalitateak eman diote garrantzia ziklo horri. Jardunaldi bakoitzari hasiera emateko dokumentala aurkezten da, eta ondoren, emanaldia dator.

 Astelehenetik ostiralera, Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Aste honek gai ugari eta erakargarriak biltzen dituen programazioa eskainiko du. Inaugurazio eguna, urriaren 2an, astelehena, Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa 2018-2023’ lanari eskainiko zaio. Frantziak, 2018ko udan, Bidasoako muga piriniar-atlantiko naturaleko pasabide batzuetan ezarri zuen polizia-kontrolari eta itxierari buruzkoa da dokumental hori. Kontrol eta itxiera hark iragaitzazko etorkinen sarrera saihestea zuen helburu, eta urtebetean 10 heriotza eragin zituen. Dokumentalak, ibaiaren alde bateko eta besteko zenbait aktibistari ahotsa emateaz eta aurpegia jartzeaz gain, bizia galdu zutenak ere gogoratzen ditu, izena, adina eta ametsak jarriz, hildakoen zifra hotzen atzean ezkutatzen diren historia eta pertsonak ezagutzera emanez.

 Fermin Muguruzak ‘Bass-que Culture' lanaren eskutik egin zuen debuta zuzendari lanetan. 2009an, ‘Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina’ lana zuzendu zuen. ‘Next Music Station’ (2011) izan zen bere hurrengo lana eta hurrengo urtean ‘Zuloak’ aurkeztu zuen. 2013an, Daniel Gómezekin batera zuzendu zuen 'No More Tour', bere birari buruzko dokumentala, eta 2016an, 'Nola?' aurkeztu zuen, Katrina baino hamar urte geroagoko New Orleansi buruzkoa. 2018an, ‘Black is Beltza’ animaziozko film luzea eta ‘Gure Oroitzapenak’ film kolektiboaren segmentuetako bat. 2022an, ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ aurkeztu zuen.

 Asteartean, hilak 3, Iratxe Fresneda zuzendari duen ‘Tetuan' lanaren txanda izango da. Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Fresnedak bidaia pertsonal batean barneratuko gaitu, non iragana eta oraina esperientzia bisual ikaragarrian eta sentsorialean uztartuko diren; Danubioren ertz lasaietatik Madrilgo bizitza asaldaturaino, elkarri lotutako lau istorio elkartuko dira eta Tetuaneko misterioetan galduko dira.

 Iratxe Fresneda zinemagilea eta irakasle agregatua da EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio Sailean. Pimpi&Nella Films ekoiztetxea sortu zuen 2014an, Saioa Etxebarria artista bisualarekin batera, proiektu propioak askatasunez ekoizteko. Bere filmografian aipagarriak dira ‘Irrintziaren oihartzunak' (2016), ‘Lurralde Hotzak' (2018) eta ‘Tetuan' (2022).

 Astearen erdialdean, asteazkenean, Sergio Azkarateren 'Amaiur' lana ikusteko aukera izango da. Dokumental horretan, Ines eta Aritz, amona eta iloba, baserri berean bizi dira Eskoriatzan. Berta eta Maialen eskalada zale amorratuak dira. Mikel, aldiz, mendian egiten den edozein kirolen zalea da. Eta Yolik eta Josebak, alpinistek ere bai, orain Gorbeiako aterpearen arduradunak dira, eta atseden pixka bat hartu nahi duen edonori ematen diote aterpea, abeltzainak, artzainak edo mendizaleak izan. Denek batera, mendiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu desberdinak erakutsiko dizkigute.

 1994an jaio zen, Gasteizen, eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen. Urte batzuetan komunikazioarekin lotutako hainbat lekutan lan egin ondoren, 2021ean ‘Erroak' estreinatu zuen, bere lehenengo dokumental laburra, Arabako herri txikien egoerari eta landa eremuko despopulazioari buruzkoa. ‘Amaiur' da bere lehenengo dokumental luzea.

 Josu MartínezenMirande, film bat egiteko zirriborroa’ izango da protagonista urriaren 5ean, osteguna. XX. mendearen erdialdean, Jon Miranderen prosak erakutsi zuen euskara gai zela literatura landua eta unibertsala sortzeko. Denek onartzen dute haren garrantzia. Baina gai tabua da oraindik ere. Arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa, moralik gabea… zela esaten da berari buruz. Martinezek hitza eman dio.

 Josu Martinezek ‘Itsasoaren alaba’ (2009), ‘Sagarren denbora’ (2010), ‘Prohibido recordar’ (2010), ‘Gure sor lekuaren bila’ (2015) eta 'Dios no me perdona' (2018) dokumental luzeak idatzi eta zuzendu ditu, eta zuzendarikide aritu da 'Barrura begiratzeko leihoak' (2012) eta ‘Paperezko hegoak’ (2021) lanetan. Horrez gain, ‘Ama' (2018), Kimuak katalogoan jasoa, eta ‘Anti' (2019) film laburrak sinatu ditu.

 Ostiralean, hilak 6, IX. edizioari amaiera emateko, Euskal Zinema Dokumentalaren Astea Gasteizetik kanpora irten eta Kuartangora iritsiko da. Bertan, Aitor López de Aberasturiren 'Bidean Jarraituz' emango da. Bingen Mendizabal zinema-musikako konpositoreak Bernardo Atxaga idazlea ardatz duen dokumental baten soinu-banda egiteko enkargua jaso du. Enkargu berri horrek gogora ekarriko dio 80ko hamarkadatik gaur egunera arte zineman eta musikan izandako ibilbidea. Hainbat lekukotasunen bidez, bizi izandako zurrunbilo artistikoa eta zinemaren eta musikaren munduan bidea ireki zuten izen handi guztiak errepasatuko ditu.

 Aitor López de Aberasturik eskarmentu handia du dokumentalak (‘El sendero interior’, 2012), fikziozko film laburrak (‘Uxue’, 2011) edo dokumental laburrak (‘The scale of an obsession’, 2015) egiten. Dokumental-sail luzeen (‘Gasteizko bataila’, 2013) edo fikziozko film laburren (‘Tiempos muertos’, 2016) muntatzaile ere aritu da. Muntatzaile lanetan hainbat zuzendari izan ditu ondoan eserita, hala nola Juanma Bajo Ulloa, Paul Urkijo Alijo edo David Pérez Sañudo.