Minbizia munduko arazo soziosanitario handiena da, eta kalkuluen arabera, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbiziren bat jasota izango du 2030rako. Izan daitezkeen mota guztien artean, bularrekoa da ohikoena, eta, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, hamabi emakumetik batek pairatuko du noizbait bere bizitzan. Vital Fundazioak gure lurraldeko elkarte nagusi biei laguntzen die bere jardueretan: Arabako Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteari eta Asamma-Bularreko eta Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Arabako Elkarteari. Elkarte horiek herritarrak sentsibilizatzea, gaixorik dauden pertsonak babestea eta gaixotasuna ikertzeko dirua biltzea dute helburu.

Ildo horretan, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak eta Marisol Díaz de Cerio Asammako presidenteak urrian egingo diren ekimen biak aurkeztu dituzte gaur goizean: Minbiziaren Aurkako Martxa eta Bularreko Minbiziaren IV. Lasterketa Solidarioa.

“Azpimarratu behar da prebentzioa eta detekzio goiztiarra direla gaixotasun horren aurka borrokatzeko aukera nagusiak. Itxaropenak aurrerapen zientifiko eta teknologikoetan, prebentzio-tresna berriak garatzean eta tratamendu espezifikoagoak eta eraginkorragoak aurkitzean jarri dira. Erronka nagusia gizarteko sektore guztiak inplikatzea da, minbiziaren arloko kalitatezko ikerketa finantzatzeko, eragindako pertsonen bizi-itxaropena hobe dadin. Vital Fundaziotik geure gain hartu dugu osasun-arloan ikerketa-proiektu berriak bultzatzeko erronka, lurraldeko hainbat eragilerekin aliantzak eginez eta elkarteekin dugun lankidetza estutuz”, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak nabarmendu duenez.

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak antolatutako Martxak izaera ludikoa ere badu kirol proba izateaz gain, ez da lehiakorra eta lagundu nahi duten pertsona guztientzat dago irekita. Gainera, minbizia duten pazienteei eta haien familiei laguntza integrala ematea du helburu, baita gaixotasun horren prebentzioa eta detekzio goiztiarra bultzatzea ere. Urriaren 1ean, igandean, egingo da, 11:30ean hasiko da, Arka plazatik, Armentiarako joan-etorriko 6 kilometroko ibilbide egiteko. Elkarteak iazko errekorra gaindituko dela aurreikusi du, hau da, 2.500 parte-hartzailetik gora izango direla. Proba amaitutakoan, Plaza Barrian pintxopote solidarioa eta Zumba eta Gbox klaseak izango dira.

 Izena emateak bihartik, irailak 7, hasita eta irailaren 27ra arte egin daitezke www.fundacionvital.eus webgunean edo aurrez aurre El Corte Ingleseko kirol dendan irailaren 30era arte. Plaza librerik geratuko balitz, azken orduan eman liteke izena, irteeran bertan. Prezioa 10 €-koa da, eta bildutako guztia ikerketa-proiektuetara bideratuko da oso-osorik. Izena emanez gero banatuko diren elastikoak eta oroigarri poltsak, El Corte Ingleseko kirol dendan bertan banatuko dira irailaren 28an eta 29an, 10:00etatik 21:00etara eta 30ean 10:00etatik 14:00etara.

 Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak, Miren Bilbaok, gogorarazi duenez, “minbizia duten pertsonek ikerketa gehiago behar dute, haren esku dagoelako biziraupenak gora egitea, eta urtero giro berezia sortzen duen jarduera honetan parte hartzera animatu du, eta, batez ere, gaixotasun guztien kausa delako”. Bizi-ohitura osasungarriei eustearen garrantzia ere gogorarazi du, izan ere, horrela eginez gero, “minbizi kasuen % 40 inguru” saihestu daitezke eta.

 Bularreko Minbiziaren Lasterketa Solidarioa 

 Asammak eta Vital Fundazioak antolatuta, Bularreko Minbiziaren IV. Lasterketa Solidarioa hiru aste geroago egingo da, urriaren 22an, igandea, 10:30etik aurrera. Estadio Vital Fundazioaren instalazioen aurretik abiatuko da, Cervantes Ibilbidean, eta 2.500 pertsona bilduko ditu 5 kilometroko ibilbide horrek, gehienak emakumeak ( % 70 inguru). Lurralde mugakideek ere hartuko dute parte (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxa). Lasterketa oinez edo korrika egin daiteke, eta ekimenarekin bat egin nahi duten adin guztietako pertsonei irekita dago. Amaieran, entretenimendua eta aisialdia egongo dira familientzat eta parte-hartzaileentzat. Horrez gain, aurreikusita dago beste jarduera batzuk antolatzea, hala nola Zumba erakusketa/open bat.

 Orain arteko edizioetan bezala, minbizi mota zehatz horren inguruan sentsibilizatzea da helburu nagusia, “guztiok norabide berean ‘korrika egiten’ ez badugu zein gogorra izan daitekeen sinbolizatzea eta ikerketa sustatzea”. Marisol Díaz de Cerio Asamma elkarteko presidenteak aurkezpenean azaldu duenez, “lasterketa batean bezala, gure gaixotasunak gorabeherak ditu, une batzuetan indartsuago sentitzen zara eta beste batzuetan bertan behera utzi nahi zenuke. Elkarrekin korrika egiten badugu, helmugara askoz indartsuago iritsi gaitezkeela erakutsi nahi dugu. Bularreko minbizia duten emakume askoren lasterketak hainbeste oztopo ez izatea eta babestuago sentiaraztea lortu nahi dugu”.

 Aste horretan, halaber, informazio-jardunaldiak egingo dira hainbat profesionalen eskutik, bularreko minbizia duten pazienteen beharrak ezagutarazteko. Bertan, hainbat gai jorratuko dira eta Asammak Gasteizen egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

 Lasterketan parte hartzeko izena emateak Asammaren www.asammavitoria.org webgunean egin daitezke jadanik, baita elkartearen egoitzan ere (Vicente Abreu Margolariaren kalea, 7 – 4. bulegoa), 10:00etatik 12:00etara. Prezioa 8 eurokoa da, eta proban bildutako dirua gaixotasun horren aurkako ikerketari laguntzeko erabiliko da.

 Asamma irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1990. urtean sortu zuen bularreko minbizia zuten emakumez osatutako talde batek, eta elkarri nahiz minbiziak jotako beste emakume batzuei laguntza ematea dute helburu nagusi. Une honetan 164 bazkidek ditu.