Gaur, asteartean, tenperatura maximoak beste gradu pare bat igoko dira Euskalmetek iragarri duen bezala; kostaldeko altuenak 30 gradu ingurukoak izango dira, Arabako eta Nafarroako hegoaldeko zenbait tokitan 40 graduren bueltan. Eguzkia jaun eta jabe, goi-hodeiak agertu arren. Arratsaldetik aurrera bero-hodei batzuk ere agertuko dira zeruan. Egunaren hasieran iparraldean behe-hodeiak ager daitezke. Eguerdi aldera haizea iparraldetik finkatuz joango da eta arratsaldean indartu egingo da.

Hala, bihar, berriz, goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da, arratsaldean bero-hodeiekin. Hego-ekialdeko haizea ahul-bizia ibiliko da; eguerdi inguruan kostaldean ipar-ekialdetik finkatuko da. Arratsalde-gauean haizeak ipar-mendebaldera egingo du Kantauri isurialdean, bereziki Bizkaian, bolada gogorrekin kostaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak igo egingo dira: gutxi edo nahikoa Araban eta nabarmen edo asko Kantauri isurialdean.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak azpimarratu duen bezala, ostegunean ere, "goiz-lanbroa". "Zerua hodei gutxirekin egongo da, goizaldean tarte hodeitsu batzuekin. Arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; eguerdian haizeak ipar-mendebaldera egingo du kostaldean eta arratsaldean barnealdean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira Kantauri isurialdean eta berdin jarraituko dute gainerako tokietan", ondorioztatu du.