Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak datozen hilabeteetan 258.000 euro baino gehiago bideratuko ditu turismo sektoreko enpresa txiki eta ertainei eta elkarteei sustapen ekintzak garatzen, ekitaldiak antolatzen eta bidaiarientzako azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen laguntzeko. Dirulaguntza horiek zenbait deialdi publikoren bidez ematen dira.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuaren arabera, ostatu, jatetxe eta zerbitzu turistikoetako enpresak eta tokiko eta eskualdeko elkarteak "funtsezko eragileak dira turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratzeko eta, horrela, Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko. Horregatik, laguntza ematen diegu eskaintza hori hobetzeko, baliabide materialak eta zerbitzuak modernizatzeko eta sustapen ekintzak egiteko".

"Ekitaldien antolaketa ere finantzatzen dugu, oso garrantzitsuak baitira bidaiariak erakartzeko eta sektorea dinamizatzeko. Aurten, besteak beste, enogastronomiarekin, artisau garagardoekin eta landa inauteriekin lotutako ekitaldiak finantzatuko ditugu", adierazi du.

Horrela, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 135.000 eurotik gorako laguntzak emango dizkie turismoaren sektoreko Arabako ETEei, beren instalazioetan eraberritze lanak egiteko, altzari berriak erosteko, seinale berriak jartzeko, web orriak abian jartzeko edo sustapena egiteko. Diruz lagundutako proiektuetako bat, landetxe batek aurkeztua, hegaztien behatoki gisa espazio bat sortu eta egokitzean eta ekoturismoko jarduerak egitean datza.

Proiektu horiek guztiek % 50eko dirulaguntza jasoko dute.

Bestalde, ia 123.000 eurorekin finantzatuko dira hainbat herritako elkarteen (Samaniego, Iruña Oka, Eskuernaga, Santikurutze Kanpezu, eta abar) eta fundazioen (Artium, Gatz Harana...) proiektuak. Proiektu horiei esker, esate baterako gastronomiarekin eta landa inauteriekin lotutako ekitaldiak antolatu ahal izango dira, mendi ibilbideak seinaleztatu ahal izango dira (Aguakeko bidezidorra, Antoñanan) eta baliabide turistikoak hobetuko dira (Gatz Haraneko argiztapena).

Elkarte eta fundazioen proiektuek % 90era arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute.