Tokiko Gobernu Batzordeak Gasteizko Udalaren eta Arabako Eskualde Zentroen Federazioaren arteko 2023ko lankidetza-hitzarmena onartu du zentroek bideratzen dituzten ekintzak antolatzeko eta horietan parte hartzeko.
Zehatzago esanda, aurten 100.000 euroko dirulaguntza onartu du eta honela banatuko da: 60.000 euro funtzionamenduko, kultura-jardueren eta Autonomia Erkidegoen XXXVII. jaialdiarekin lotutako gastuak ordaintzen laguntzeko, eta gainerako 40.000 euroak azpiegiturak, ekipamendua eta altzariak hobetzeko.
“Hitzarmenaren helburua da Estatuko txoko eta autonomia-erkidego bakoitzeko tradizio eta ohitura kulturalak lantzeko jarduera kulturalak, folklorikoak, sozialak eta aisialdikoak sustatzea. Hala, gureekin, Gasteizko gizartekoekin, integratzea bultzatzen dugu. Gure helburua da kulturari dagokionez aberatsa eta anitza den kultura sortzea eta eskualdeko zentroek horretan laguntzen dute, gure hirira iristen diren pertsonen integrazioa erraztuz, baina haien jatorriak galdu gabe”, adierazi du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.
Bestalde, Udalak Paraiso Antzerkiaren eskutik bertako sorkuntzaren aldeko apustua egingo du. Elkarte horrek kulturaren prestakuntza, sorkuntza, ekoizpena eta berrikuntza bultzatzen ditu haurrei eta gazteei zuzendutako jarduera eszenikoaren bidez. Gainera, Beñat Etxepare aretoko antzerki-konpainia egoiliarra da. Horrekin lotuta, Kultura eta Hezkuntza Sailak 50.000 euro bideratuko ditu jarduera diruz laguntzeko.
Bestalde, Arrakalak Baratza aretoa sortu du. Arte eszenikoetarako areto independentea eta alternatiboa da, arte garaikideen sorkuntza, ikerketa, prestakuntza eta erakusketa oinarri dituena. Gunea teknikoki egokituta dago eta diziplina artistiko oro ikertu, sortu, prestatu eta erakusteko behar adinako dimentsioa du, Gasteizko sektore kulturala babesteko eta indartzeko etika oinarritzat hartuta. Bigarren akordioaren helburu izango da ekimen hori eta 40.000 euroko dirulaguntza jasoko du.
Amaitzeko, beste 40.000 euroko ekarpena egingo da Ortzai kultur elkartearentzat honako hauek diruz laguntzeko: Hiri Historikoko Neguko Familiako Antzerkiaren XIII. Zikloa, Udako Klasikoen XII. Zikloa, eta tokiko eta kanpoko artisten eta kolektiboen sorkuntza eta difusioa sustatzen dituen lankidetza-programa. Tokiko proposamen horiek guztiek hiriko kultura-bizitza dinamizatzen laguntzen dute.
“Ezinbestekoa da tokiko kultura babestea. Kultura eta Hezkuntza Sailak Gasteizko bizitza kulturala indartzen duten proiektuen aldeko apustu irmoa egiten du, eta are gehiago gure artistei sorkuntzarako guneak eta prestakuntza eskaintzen dizkietenean”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera zinegotziak.