Goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua oso hodeitsu egongo da, Araban hodei gutxirekin edo partez hodeitua geratuko da eta Kantauri isurialdean tarteka hodeitsu, bereziki ekialdean, Euskalmetek iragarri duenez.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Iparraldeko haize ahula ibiliko da, arratsaldean tarte biziekin Araban. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da.
Bihar zerua hodeitsu egongo da, Kantauri isurialdean tarteka oso hodeitsu, egunaren amaieran hodeiak ugarituko dira eta zerua oso hodeitsu geratuko da. Goizean euri txikia egingo du Kantauri isurialdean. Arratsalde-gau partean zaparrada txikiak botako ditu, baliteke zenbait tokitan ertainak eta trumoitsuak izatea, bereziki ekialdean. Iparraldeko eta iparmendebaldeko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira.
Ostiralean, berriz, zerua oso hodeitsu egongo da, arratsaldean hodeiak gutxituko dira eta Kantauri isurialdean zerua tarteka hodeitsu geratuko da eta Araba hegoaldean hodei gutxirekin. Euri txikia egingo du, Kantauri isurialdeko zenbait tokitan ertaina; arratsaldean atertuko du. "Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin kostaldean. Tenperatura gutxi jaitsiko da", azpimarratu dute Euskal Metereologia Agentziatik.
Larunbatean ere, goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin egongo da, egunaren lehen partean eta Kantauri isurialdean tarteka hodeitsu. Goizaldean baliteke zirimiria egitea kostaldean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, ipar-osagaikoa nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira.