Arabako Landa eta Garaioko hondartza kontinentaletan gaur hasi da udako denboraldia, eta irailaren 3an amaiera emango zaio. Bandera urdina ondoz ondoko zortzigarren urtez egongo da jarrita Salurriagako eta Moskurioko hondartzetan (Garaio) eta Landako hondartzan; izan ere, Ingurumen Hezkuntzarako Europako Fundazioak eman du, bertako uren kalitateagatik, garbitasunagatik, irisgarritasunagatik eta zerbitzuen kalitateagatik eta informazioagatik.

Bandera urdina igotzeko ekitaldia atzo goizean izan da Landako hondartzan, Durako Ikasbidea ikastolako ikasleen eskutik.

Natividad López de Munain Ingurumen eta Hirigintza zuzendariaren arabera, "Bandera urdina urtero berritzeak esan nahi du balioa ematen zaiola gure hondartza kontinentalak hobetzen jarraitzeko dugun konpromisoari, eskari handiari eta zerbitzuen kalitateari erantzunez." Alde horretatik, Lopez de Munainek nabarmendu du garrantzitsua dela naturagunearen kontserbazioaren eta erabilera publikoaren arteko orekari eustea, eta zeregin horretan lehentasunezkoa dela ingurumen kudeaketa egokia egitea.

Bainu sasoian, laguntza, salbamendu eta erreskaterako 4 postu egongo dira irekita bainulariei, paseatzaileei eta txirrindulariei laguntzeko. Lanegunetan 8 pertsona egongo dira eta asteburuetan 11, 12:00etatik 20:00etara.

Aurtengo urtean zehar, Aldundiko Ingurumen Sailak hainbat jarduketa egingo ditu hondartzetan; besteak beste, azpimarratzekoa da irisgarritasuna hobetuko dela mugikortasun urrikoentzako ekipamenduetan.

Ildo horretan, Landako parkearen ekialdeko sektorean, piknik gunera iristeko pasabide egokitu bat eraikitzea aurreikusi da. Horrez gain, kartelak hobetuko dira Mendixurko ornitologia parkean eta Garaioko parkean, ikusmen urritasuna dutenentzako bisita gidatuak edukiz hornitzeko.

Era berean, plataforma hobetu, ezpondak sendotu eta zoladura finkatuko da Uribarri Ganboako urtegiko ibilbide berdean, Dehesa aurkintzaren (Azua) eta Langara Ganboaren artean. Jarduketa horiek guztiak egiteko inbertsioa 242.767,66 euro da.

Iaz, Arabako hondartza kontinentaletan 203.511 bisitari izan ziren guztira. Espazio horiek, herritarrei aisialdirako ingurune onuragarria eskaintzeaz eta ingurumena hobetzeaz gain, eremuaren garapen ekonomikoa sortzen eta bultzatzen duten elementuak dira.