Rockaren garra ostegunean piztuko da Azkena Rock Festival jaialdiaren 21. edizioa hastearekin batera, huts egin ezinezko hitzordua baita zuzeneko musikarekin, baita esperientzia paregabea ere, zentzu guztietan. Ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Iggy Pop mitikoa, punkaren ikono eztabaidaezina igoko da Mendizabalako agertokira; Chrissie Hynde-ren taldea, The Pretenders, ereserkiz beteriko errepertorioarekin etorriko da, kontzertu esklusiboan, gainera; Rancid punk rockaren historiako talderik garrantzitsuenetako bat da, eta lehen aldiz izango dugu ARFn, bere 30. urteurrena ospatzen; Lucinda Williams, bere garaiko konpositore eta interprete onenetako bat; Incubus, rock alternatiboaren ezinbesteko taldea, 23 milioi disko baino gehiago saldu ditu eta Grammy sarietarako hainbat izendapen ere lortu ditu; Melvins, 90eko hamarkadako mitoa, jaialdiko publikoak erruz eskatu izan duena; Alter Bridge, hard rock estiloko izarrak, Myles Kennedy abeslaria buru izanik; The Soundtrack Of Our Lives taldearen berrelkartzea eta El Drogas, Barricadaren 40 urteetan oinarritutako errepertorioarekin.

ARF jaialdiaren alderik basatiena, zalantzarik gabe, Trashville da, jaialdiaren barruko aretoa; bertan, publikoaren eta agertokiaren arteko banaketa ezabatzen da eta zuzeneko gordinenak bizitzeko aukera izaten dugu, rock and rollaren kausari atxikitako bandekin. The Kaisers, The Reverend Peyton’s Big Damn Band eta The Phantom Surfers ditugu buru garage, rockabilly, surf eta rock basatia nagusi diren programazioan, eta, azken orduan, Generador taldea ere gehitu zaigu Mimi & The Miseries-en ordez, familia-arrazoiengatik ezin izan dutelako etorri.

Jaialdiaren une berezienetako bat Andre Maria Zuriaren plazako programazioa izaten da beti, azkenazaleen eta hiriburuko biztanleen arteko topagune. Ostiralean rock & roll instrumental eta geldiezina eskainiko ditu The Fuzillisek, eta larunbata Chuck Prophet & The Mission Expressen eguna izango da, rock estiloko gitarra-jotzaile eta konpositore handienetako bat.