Atzo arratsaldean 40 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, genero-indarkeriarekin lotuta, bikotekidearen aurkako tratu txarren delitu baten ustezko egilea zelakoan, Gasteizko Udalak gaur jakitera eman duenez.
15:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen. Salburua auzoko etxebizitza batera joateko eskatu zioten patruila bati. Bertan, eztabaida gogorrean ari zen bikote bat, eta gizona emakumea iraintzen ari zen.
Han zeudela, eta gertatutakoa argitu ondoren, udaltzainek gizona atxilotu zuten, eta gaur goizean geratu da epailearen esku.
Bestalde, aste honetan zehar, 2018-2023 aldiko Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoaren baitako kanpaina berri bat jarriko du martxan Udaltzaingoak, bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetan (MPI) zentratuta. Egun hauetan zehar, txirrindulariek zirkulazio-arauak eta ibilgailu horiek baimenduta dauden ordutegiak eta guneak errespetatzen dituztela aztertuko dute. Kaskoaren (16 urtetik beherakoen kasuan), txirrinaren eta derrigorrezko argien erabilera ere kontrolatuko dute. Patinete elektrikoen kasuan, honakoak zainduko dituzte udaltzainek: "ez dutela zirkulatzen espaloitik edo oinezkoentzako eremuetatik, pertsona bakarra doala, eta gidariek ez dutela erabiltzen telefono mugikorrik edo entzungailurik, txirrindularien kasuan bezala. Gainera, ibilgailu mota horientzat baimenduta dagoen gehieneko abiadura, 25 km/h, ez dutela gainditzen ere egiaztatuko dute", ohartarazi du Gasteizko Udaleko Segurtasun sailak.
Bizikleten edo patineteen gidariak behartuta daude alkoholemia-proba egitera, istripu bat gertatuz gero, arau-hausteren bat eginez gero edo alkoholaren eta/edo drogen eraginpean gidatzen ari diren zantzuak badaude, poliziak hala eskatzen badie. Uko egitea arau-hauste administratibo oso larria izan daiteke, 1.000 euroko isuna eragin lezakeena.