Arabak bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia berri bat izango du lurraldeari zerbitzu emateko, eta, hala, Osasun Sailak ekitaldi honetako aurrekontuetan hartutako konpromisoa beteko du. Anbulantzia berriak 1,7 milioi euroko kostua izango du, eta, haren bidez, erantzun-denborak murriztuko dira, bai hiriburuan bertan, Vitoria-Gasteizen, bertan baitago lurraldeko biztanle kopuru handiena, bai landa-ingurunean.
Gaur bertan, Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute, anbulantzia berri horren oinarria Foru Suhiltzaileen parke nagusian egoteko, Langraizen; izan ere, baliabideak sarbide ona duen eta asteko egun guztietan eguneko 24 orduetan martxan den leku batean egon behar du. Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak egin duen azterlanak dakarrenaren arabera, Langraiz da lekurik egokiena; izan ere, Arabako hiriburutik 15 minutu baino gutxiagora dago eta, gainera, aukera ematen du Arabako landa-ingurunea ere babesteko, zehazki Agurain, Zuia, Añana, Arabako Errioxa eta Arabako Mendien eremuak.
"Arabari anbulantzia medikalizatu berri bat emateko proiektua aurrera eramateko, egiturazko plantilla handitzeko izapidea egin behar da eta, horretarako, hura joan den martxoaren 23an onartu zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak. Izan ere, bizi-euskarri aurreratuko baliabide bat abian jartzeko behar den plantilla 18 pertsonakoa da, 6 kategoria bakoitzeko: larrialdietako 6 mediku, 6 erizain eta larrialdietako ibilgailuaren 6 gidari-ofizial", ondorioztatu du. Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia hori Arabako hirugarren medikalizatua izango da; alegia, osasun-asistentzia emateko pertsonal medikoa duen hirugarrena. Beste biak Vitoria-Gasteizen eta Laudion daude.