Inklusioa gizarte osoaren eztabaida eta helburu nagusia da oraindik ere; baita ezgaitasunen bat duten pertsona guztiek unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izan dezaten eta, hartara, karrera profesionala gara dezaten ere. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) ere helburu horietan lan egiten du eta gaur hirugarren Inklusio Planaren (2019-2022) balantzea aurkeztu du. Balantze horretan, ezgaitasunen bat duten pertsonengan ere unibertsitate-ikasketak bultzatzen jarraitzeko EHUk eskaini dituen lan eta laguntza nagusiak jaso dira. Gaur goizean, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Aitor Zurimendi idazkari nagusiak aurkeztu dute planaren ondorio nagusiak. Aurreko inklusio planak desgaitasunen bat zeukaten ikasleei eta hezkuntza premia bereziak zituzten ikasleei zuzenduta zeuden. Hirugarren plan horrek inklusioaren kontzeptua beste talde batzuetara zabaldu zuen, bazterkeria edo marjinazioa jasateko edo zaurgarri izateko arrisku handiagoa zutelakoan, eta, horrela, planean sartu ziren baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak, familia babesik ez dutenak, asiloa eta babesa eskatu dutenak edo egoera pertsonalaren ondorioz laguntza psikologikoa behar dutenak. 

Horrela, eta ildo beretik, hirugarren plan horretako helburuak eta ekintzak lau etapatan banatuta zeuden, bata bestearen ondotik betetzeko: lehenengo etapak unibertsitate aurreko fasea hartzen zuen, eta unibertsitatera sartuz gero laguntza beharko zuten pertsonen jarraipena egin zen; Bigarren etapak sarbide fasea hartzen zuen, eta, hirugarrenak, unibertsitatean bertan ikasten ari diren garaia; laugarren eta azken etapan, laguntza eman zitzaien irteera profesionalari begira erabakiak hartzeko.  Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen hitzetan, “III. Inklusio Planak iraun duen lau urteotan, 5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute antolatutako programetan: desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko programa; arreta psikologikoa; Arrakasta programa, babesgabetasun egoeran dauden gazteei babes akademikoa ematekoa; ikasleentzako jarraitutasun akademikorako laguntza ekonomikoak; errefuxiatuentzako arreta programa… Horrek guztiak agerian uzten du errektoretza taldea ez dela helburu horrekiko konpromisoa duen bakarra; izan ere, gure unibertsitate publikoan lan egiten duten pertsona guztien borondatez bultzatzen da asmo hori, konpromiso irmoa baitugu gaitasun intelektuala eta borondatea dituzten pertsona guztiek goi-mailako ikasketak egiteko aukera izan dezaten bultzatzeko, hartarako eskubide legitimoa dute eta”.