Joan den otsailean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara iritsi ziren turistek batez beste 2022ko otsailean baino gau gehiago igaro zituzten hoteletan. Hala berresten du Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako turismo-establezimendu hartzaileen inkestari buruzko txostenak. Txosten horren arabera, aurtengo otsailean Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletako sarrerak % 18,5 igo dira, eta ostatu-gauak % 25,9, urtetik urtera. Zehazki, 212.846 sarrera erregistratu dira, eta guztira 401.066 gau igaro dira.

Zehazki, eta ildo beretik, sarrera guztien % 32,7 eta ostatu-gauen % 33,9, 2023ko otsailean, atzerritarrenak izan dira; sarreren kasuan, % 32,9ko igoera izan da eta, ostatu-gauenean, % 41,7koa. Estatuko jatorriko sarrera eta ostatu-gauen kopuruak, bestalde, gora egin du, urte artean, % 12,6 eta % 19,2, hurrenez hurren.

Lurraldeka, Araban, 27.814 sarrera eta 59.983 ostatu-gau erregistratu dira; alegia, aurreko urteko otsailean baino % 14,1 eta % 29,6 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, hazkuntza % 28,8koa izan da sarreretan eta % 39,6koa, ostatu-gauetan; guztira, 97.467 sarrera eta 185.800 ostatu-gau izan dira. Gipuzkoan, 2023ko otsailean, 87.565 sarrera izan dira, 2022ko otsailean baino % 10,0 gehiago, eta 155.283 ostatu-gau, aurreko urteko hilabete berean baino % 11,6 gehiago. "Hiriburuka, sarrera kopuruak % 31,8 egin du gora Bilbon, % 18,1 Vitoria-Gasteizen eta % 10,2 Donostian. Antzera, ostatu-gauen igoera, aurreko urteko otsailarekin alderatuta, % 46,8koa izan da Bilbon, % 34,8koa Vitoria-Gasteizen eta % 12,0koa Donostian", azaldu dute txostenean.