Gasolio profesionalari zergaren zati bat itzultzearen onura jasotzen ez duen Arabako garraio-sektoreak laguntzak eskatu ahal izango dizkio Arabako Foru Aldundiari apirilaren 1etik aurrera (3.690 euro, 7,5 tonatik gorako kamioi batentzat, eta 300 euro, VTC batentzat).

Hala, gaur Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak apirilaren 1ean irekiko du erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez diren garraio sektoreko profesional autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzak eskatzeko epea. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da.

Zuzeneko laguntzen lerro berri hori Espainiako Gobernuaren abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege Dekretuak sortu zuen, zeinak Ukrainako inbasioaren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko zenbait neurri ezartzen baititu. Foru Aldundiak deialdia kudeatu eta laguntzak aurreratzen ditu, eta, ondoren, Estatuaren konpentsazioak jasotzen ditu.

Laguntzaren banakako zenbatekoa zehazteko, profesional autonomo edo sozietate onuradun bakoitzak ustiatutako ibilgailu kopurua eta mota hartuko dira kontuan, baldin eta erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez bada.

Profesional autonomoek eta enpresek laguntza eskaera telematikoa aurkez dezakete 2023ko apirilaren 1etik maiatzaren 31ra arte, lehenengo egunean Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratuko den inprimakiaren bidez.