Vital Fundazioak antolatutako Genero berdintasuna zikloak beste hitzordu baten eskutik jarraituko du asteazken honetan, 19:30ean, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua). Oraingo honetan Ongiz-Ezberdin taldearen hitzaldi-solasaldia izango da, Gizonak beren sexismoa zalantzan jartzen…, eta emakumeak ere bai? izenburupean. Sarrera doan da eta edukiera bete arte izango da sartzeko aukera.

 Ongiz-Ezberdin (2022ko Emakunde Saria) irabazi asmorik gabeko elkartea da, pertsonen artean berdintasunean eta "errespetuan bizitzea esperimentatu eta partekatu nahi duena, zer genero marka dugun kontuan hartu gabe". Haren filosofia bat dator Vital Fundazioak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin duen konpromisoarekin, eta martxoan horretan dihardu erakundeak.

 Hitzaldi-solasaldian, Silvia Núñezek eta Xabier Odriozolak euren esperientzia partekatuko dute elkartean, eta berdintasunerako bide pertsonal eta kolektiboari buruzko galderak erantzuten saiatuko dira. Haien hitzaldian, hainbat galdera luzatuko dituzte, besteak beste: Genero-indarkeriaren arazo nagusia gizonak bagara, konponbidearen parte ere izan gaitezke?; Posible al da hezkuntza sexistari buelta ematea?; Gainditu al dezakegu gizonok gure baldintzapen matxista?; Inork lortu al du?; Eta emakumeak, zer? Beren energia jarri behar al dute gizonengandik defendatzeko edo beren sexismoa ere berrikusteko?; Emakume feministok sexismo dosirik ere badugu?; Ba al du sendabiderik?.

 Emakumeen ikuspegitik, “emakumeok ere ibilbide interesgarria dugu egiteko, zapalkuntza sexistatik askatzeko. Gizarte patriarkal batean heziak izan gara, non bigarren mailako leku batera baztertu gaituzten, eta, oharkabean, berdintasunerantz aurrera egitea eragozten diguten agindu sexistak grabatu dira gugan, esaterako zaintzaile izan behar dugula, horrela egiten ez badugu errudun sentiaraztea, gure gorputzei buruz gaizki pentsaraztea, gure pentsamenduak baliozkoak ez direla sinestaraztea, … gure baitan bizi den patriarkatuaren adibide batzuk baino ez dira”, azaldu dute.