Gasteiz. Araban eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezkontzen diren bikoteen kopurua handitu egin da. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako txosten baten arabera, aurtengo bigarren hiruhilekoan 2.271 ezkontza gehiago izan dira Euskadin. Datu horrek 25 puntu inguruko igoera erakusten du, iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Hala, ezkontzak modan daude berriro, eta gero eta bikote gehiago ezkontzen dira. Zenbakietan, hiruhileko honetako datuak 2019ko hiruhileko bereko datuekin aldera-tzen badira, ezkontzen kopurua %4,5 igo da. Bi datuek erakusten dute aurreko bi urteetan atzeratutako ezkontzak berreskuratu egin direla. Ezkontza guztietarik, 2.212 sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren, eta 59 sexu bereko pertsonen artekoak, 36 emakume artekoak eta 23 gizon artekoak. Inskripzioaren lurraldea kontuan harturik, ezkontzen kopuruak gora egin zuen hiru lurraldeetan: Bizkaian 1.037 ezkontza izan ziren, Araban 268 eta Gipuzkoan 818. Bestalde, 148 ezkontza Euskal AEtik kanpo erregistratu ziren. Bigarren hiruhilekoan ohikoa den bezala, nabarmen igo zen ezkon-tzen kopurua, eta nabarmentzekoa da ekainaren kasua, hilabete horretan egin baitziren hiruhileko horretako ezkontzen %44,9.

“2022ko udaberriko hilabeteetan, ezkontza zibilen portzentajea %91,2 izan zen; %88,2 sexu desberdineko pertsonenak izan ziren, eta %2,6 sexu berekoenak, nahitaez zibilak denak. 2022an, portzentaje hori 1,2 puntu txikiagoa izan zen 2021eko hiruhileko berekoa baino”, azpimarratu zuten txostenean. Eta gaineratu zuten: “2022ko bigarren hiruhilekoko 2.271 ezkontzetan, bizilekua Euskal AEn zuten 2.103 gizonezko eta 2.129 emakumezko ezkondu ziren. 1.741 senarrentzat (%82,8), lehen ezkontza izan zen; 28 alargun eta 334 dibortziatu berriz ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonena baino handiagoa izan zen: aurretik ezkondu gabe zeuden emakumeak 1.793 izan ziren (%84,2), alargunak 14 eta dibortziatuak 322”. Ezkontideen adinaren araberako banaketari dagokionez, senarren %93k eta emazteen %86,8k 30 urte baino gehiago zituzten. 2021eko aldi berean, proportzioa %91 izan zen gizonen kasuan eta %85,6 emakumeenean.

“2022ko apirilean, maiatzean eta ekainean, gizonezko ezkonberrien % 11,5ek eta emakumezko ezkonberrien % 16,2k atzerriko nazionalitatea zuten. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, portzentaje hori ehuneko 0,5 puntu jaitsi da gizonen artean eta 1,1 emakumeen artean”, ondorioztatu zuten.

Normalizazioa

Datu horiek erakusten dute ezkontzak, pixkanaka-pixkanaka, gora egiten hasi direla, batez ere 2020an koronabirusaren pandemian (baita 2021ean ere) izan zuten geldialdiaren ondoren. Garai hartan, ezkontza asko bertan behera utzi behar izan ziren, eta orain datuek erakusten dute estatistikak pixkanaka berreskuratzen eta normalizatzen hasten direla.

Eustaten arabera ere, 2021 urtean ezkontzen kopuruak gora egin zuen orduan ere. Zehazki, Euskal AEn, 6.427 ezkontza izan ziren guztira, 2020an baino %58,4 gehiago. “Euskal AEn bizi diren sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzak kontuan hartuta, 6.161 izan dira, aurreko urtean baino 2.250 ezkontza gehiago”, gaineratu zuten orduan.

Ezkontzeko adinak, sexu desberdineko bikoteetan, behera egin zuen 2021ean, 2020aren aldean; izan ere, gizon egoiliar ezkongabeak 38,8 urterekin ezkondu ziren, batez beste, eta emakumeak, 36,6 urterekin. 2020an, 39,2 urterekin eta 37,1 urterekin, hurrenez hurren.

“2019arekin alderatuta, ezkongabeak ezkontzeko batez besteko adinak gora egin du; izan ere, urte horretan 37,7rekin eta 35,7rekin ezkontzen ziren. Bi ezkontideen arteko adin-desberdintasunak bere horretan dirau 2 urte inguru”, azpimarratu zuten.