Gasteizko Udalak Hazten ari diren Sektoreen Enplegu Planaren bigarren edizioa jarri du martxan, diru laguntzen lerro baten bidez, eraikuntzaren eta birgaitze iraunkorraren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreetan langabeen kontratazioa sustatzeko asmoz. Lerroak 350.000 euroko aurrekontua du.

Deialdia aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak, udal gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko akordioaren ondorioz osatu baitira laguntzak.

Zehazkiago, 269.000 euro emango dira kontrataziorako zuzeneko laguntzetan, gehienez ere 10.520 euro enpresa bakoitzeko eta borondatezko laguntza tutoretzetarako, eta beste 81.000 euro profilak aztertu eta prozesuak bizkortuko dituen bideratzaile bat kontratatzera.

Horrela, gutxienez sei hilabeteko iraupena duten kontratuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta lanaldi osokoak edo partzialekoak badira eta gutxienez lanaldiaren %75 errespetatzen badute.

Planaren bidez, 160 enpresarekin jarri zen harremanetan

KONTRATATUTAKOAK

Kontratatutako pertsonak langabeak izan beharko dira, eta Ignacio Ellacuria Zentroan eraikuntzaren eta birgaitze jasangarriaren sektorearen esparruan emandako prestakuntza ekintzak edo diseinu grafikoaren edo informatikoaren arloan CETIC Zentroan emandako prestakuntza ekintzak egin eta amaitu beharko dituzte. Bi kasuetan, 2025eko martxoaren 11tik 2026ko maiatzaren 8ra bitartean egin beharko da kontratua.

Gasteizko Udalak planaren proiektu pilotua abiarazi zuen 2024an eta 27 kontratazio ahalbidetu zituen eraikuntza jasangarriaren arloan, horietatik 17 luzaroko langabezian zeuden pertsonenak. Laguntza horiei esker, gainera, 17 migratzailek lana aurkitu zuten, eta horietako 10i beren egoera erregularizatzen lagundu zieten.

Planaren bidez, 160 enpresarekin jarri zen harremanetan, eta, horrela, udalerriko ehun ekonomikoarekin zubiak eraikitzen jarraitzea lortu zen. Gainera, Ignacio Ellacuria Udal Zentroak sektoreko ETEen artean duen posizionamendua hobetzea lortu zen.