Foru Gobernu Kontseiluak Araba Innova-Digitaliza 2022 laguntza lerroaren ebazpena onetsi zuen atzo. Haren bidez, Arabako Foru Aldundiak 2.000.000,00 eurorekin laguntzen ditu Arabako 158 erakunderentzat onetsitako berrikuntza eta digitalizazio proiektuak.

Hala, Arabako Foru Aldundiatik azaldu zutenez, “berrikuntzak eta digitalizazioak Arabako enpresen biziraupen, jasangarritasun eta hazkunderako duten garrantzia aintzat hartuta, eta aurkeztutako jarduketak kontuan hartuta, deialdia indartu egin da, 2020an eta 2021ean bezala, eta hasierako 1.700.000 eurotik onetsi diren 2.000.000 eurora igaro da. Horrek esan nahi du % 33,5eko igoera egon dela pandemiaren aurreko kopuruarekin alderatuta (1.498.000 euro)”. Ebazpen honetan onetsitako espedienteetatik, 76 dira dirulaguntzaren % 50 inguru eman zaien digitalizazio proiektuenak.

Bestalde, “Araba Innova-Digitaliza laguntza lerroak RIS3-Euskadi 2030 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren hiru lehentasunekin lotutako proiektuen balorazio berezia jasotzen du; hona hemen lehentasunak: industria adimentsua, energiarik garbiena eta osasun pertsonalizatua”, gaineratu zuten Arabako Foru Aldundiatik atzo.Laguntza horiek balio izan dute berrikuntza eta digitalizazio jarduera batzuk bultzatzeko, besteak beste: erakundeen produktuak eta zerbitzuak digitalizatzeko proiektuak. Haien artean, nabarmentzekoak dira serigrafiako modulu erliebeduna digitalizatu eta integratzea eta jasogailuak sarean konektatzea, datuak urrutitik lortzeko; lurralde historikoko erakundeen arteko lankidetza-proiektuak, I+G+b proiektuak egiteko. Adibidez, hartzidura andeletako garbiketa uren errebalorizazioa eta fabrikazio gehigarria erabiltzeko metodologia baliozkotzea aipa litezke. “2022an, jarduera berritzaileak egitera bideratutako aldaketak mantendu dira, berritasun handiagoarekin, aurrekontu handiagoarekin eta emaitzetan eragin handiagoarekin”, ondorioztatu zuten.