- 2021ean, otsailetik maiatzera bitartean hasi ziren elkartzen, hilero, euskararen-tzat etorkizun hobea nahi duten gasteiztar batzuk. Zenbait saiotan metodologiak ezagutu zituzten, beste batzuetan esperientziak, gogoeta interesgarriak guztietan. Lehen edizio horren ondoren, bukatutakoan, esperientziaren balorazio ona egin zuten, aho-zapore goxoa eta gehiagorako gogoa. Horiek guztiek eragin dute aurten Eragiteko janzten izeneko zikloaren bigarren edizioa antolatzea. Otsailean hasi zen Eragiteko Janzten-en bigarren zikloa. Zehazki, otsailaren 22an, Irati Iciar Madinabeitia GEU Elkarteko lehendakariak topaketaren bigarren zikloa estreinatu zuen. Astearte honetan, 18:30ean, Oihaneder Euskararen Etxean bigarren zikloko azken saioa ospatuko da. Topaketa honen antolatzaileetako batek DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariari azaldu dio ziklo honen bigarren edizioak izan duen harrera ona, eta berriro ere aho-zapore goxoarekin amaitzen dela. Izan ere, oraindik ezer prestatuta ez dagoen arren, euskal topaketa honen hirugarren edizioari ekitea espero dute, Araban euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Azken saio honetan kulturaren garrantzia aztertuko da. Kulturak egiten gaitu. Sortzaileak, eragileak, hizkuntza, harremanak, espazio... aukerez izenpean Irantzu Lekue, Miren Narbaiza, Izar Mendiguren eta Jon Sanchez Barradoren arteko solasaldia izango da. "Kultura da edozein komunitateren ispilu, adierazpide eta garatzeko berezko lurzorua. Gureari dagokionez, bistan da euskarazko kulturak eta euskararen erabilerak elkar elikatzen dutela, eta kulturarena, zorionez, ez dela ahulen dugun eremua. Hala ere, bertan goxo egotekoak ez garenez, saltsan dihardutenen ahotik jakin nahi ditugu dituzten ikuspuntuak, aukerak, beharrizanak, asmoak...", horren gainean arituko dira asteartean. Oskar Garcia de Bikuñak azaltzen duenez, Eragiteko Janzten topaguneak hainbat helburu ditu: "Batetik, Gasteizko euskaltzaleak elkarrekin gogoeta ariketa batean jartzeko. Ez gara gutxi, hemendik eta handik gabiltza, bakoitza bere esparruan, baina denok eragin nahian. Bestetik, kohesioa eta lankidetza pizteko. Horretarako elkar ezagutza ezinbestekoa da. Ez bakarrik nortzuk garen, baizik eta zertan ari garen, ze esperientzia eta eredu ditugun gure inguruan... Eta, horrez gain, jakina, formazioa. Zikloaren izenak dioen bezala, eragiteko janzten ari gara". Izan ere, gaineratu duenez, azken hamarkadetan euskara sustatzeko hainbat oinarri teoriko eta metodologiko sortu dira. "Horiek gizarteratzea nahi dugu, euskalgintzan guztiok garelako beharrezkoak".

Eragiteko Janzten zikloa amaituko da laster. Zer balorazio egiten duzu bigarren edizio honi buruz?

-Oso balorazio positiboa egiten dugu. Lehen edizioa prestatzen hasi ginenean, argi genuen Gasteizko euskalgintza bildu eta elkarlanean jartzeko, etxetik hasi beharko genuela. Lehen ediziotik lankidetzan aritu gara ALEA komunikabidea, Geu elkartea, Lazarraga kultur elkartea eta Arabagara-Topagunea, eta bigarren edizio honetan ere ederki eutsi diogu horri. Gainera, oso pozik gaude antolatutako saioekin. Gasteizko euskaltzaleen interesekoak izan direlakoan gaude, eta hizlari eta eragile ezin hobeak ekarri ditugu.

Datorren asteartean ospatuko da azken saioa. Zer gai landuko duzue?

-Datorren asteartean, arratsaldeko 18:30ean, Oihaneder Euskararen Etxean egongo gara, aurtengo edizioari itxiera emateko. Eta kulturaz arituko gara bertan. Horretarako Irantzu Lekue, Miren Narbaiza eta Izar Mendiguren sortzaileak ekarriko ditugu gurera, eta Jon Sanchez kazetariak gidatuko du saioa. Kulturan jarduten dutenen ikuspuntuak, aukerak, beharizanak, asmoak eta beste ezagutuko ditugu bertan. Oso saio dinamiko eta entretenigarria izango da, beraz, interesa duten guztiei parte hartzeko gonbitea zabaldu nahi diegu.

Euskarazko kultura ahuldu egin da azken urteetan?

-Ez dut uste. Egia da pandemia garaian giroa apaldu zela, baina kultura, hain justu ere, ez da euskarak duen ahulgune bat. Hala ere, zaintzea dagokigu, jakina, argi baitago euskarazko kulturak eta euskararen erabilerak elkar elikatzen dutela.

Zein da gaur egun euskararen egoera?

-Soziolinguistika Klusterrak berriki argitaratu du 2021eko hizkuntzen erabileraren kale neurketaren txostena. Emaitzen arabera, kaleko erabilera egonkor mantentzen da Euskal Herrian, % 12,6an. Arabari dagokionez, % 5 inguruko erabilera-maila dago, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa baino baxuagoa, baina pixkanaka gora egiten. Eta bada ikerketak utzitako sorpresa bat: Euskal Herriko hiriburuen artean bigarrena kokatzen da Gasteiz, erabilerari dagokionez, bakarrik Donostiren atzetik.

Nola hobetu dezakegu egoera?

-Euskal Herrian badira alor ezberdinetan euskara sustatzeko denetariko eragileak. Hauen lana balioan jarri beharko genuke, eta behar den bezala zaindu eta mimatu. Bestetik, murgiltze eredua eta euskalduntze eskolak behar-beharrezkoak dira, baina ezagutza soilak ez du euskara salbatuko. Euskaraz bakitenen artean, erabilera sustatu behar dugu, eta horretarako baditugu tresnak. Adibidez, Eragiteko Janzten-eko lehen edizioan, Pello Jauregik Eusle eta Ulerrizketa metodologiak aurkeztu zizkigun. Eta, zer esanik ez, Euskaraldia dugu hizkuntza ohiturak astintzeko tresna oso eraginkorra.

Araba Euskaraz, Korrika, Ibilaldia, Eragiteko Janzten... gero eta ekimen gehiago daude euskara bultzatzeko.

-Gero eta jende gehiagok euskaraz bizi nahi du. Hala ere, euskaraz bizitzea ez da erraza, horregatik dugu euskalgintza antolatu baten premia, eta, ondorioz, Eragiteko Janzten bezalako egitasmoen beharra.

Nola ikusten duzu euskararen etorkizun hurbila Araban?

-Militantziaz, aldarrikapenez eta esfortzu kolektiboz betea.

Eta etorkizunik urrunena?

-Zaila da aurreikuspen bat egitea, baina gauza bat argi dugu, gauzak ez dira bakarrik etorriko. Iñaki Martinez de Luna eta Asier Etxenike soziologoek aurtengo edizioko hirugarren saioan erakutsi zigutenez, perspektibarekin so egin behar diegu Araban eta Gasteizen emango diren gertakari soziodemografikoei. Eta 20 urte barru aldeko egoera bat izan nahi badugu, orain dugu eragiteko unea. Zaila da hitz gutxitan Asierrek eta Iñakik adierazitakoak laburtzea, baina badira hor gako batzuk: gaurko haurren eredu akademikoa, datozen urteotan emango diren migrazioak -eta hauek kudeatzeko modua-, globalizazioa eta eremu digitala...

Nori zuzenduta dago Eragiteko Janzten topagunea?

-Euskara elkarteetan edo bestelako taldeetan dihardutenei, herritar euskaltzaleei, euskalgintzan formatu nahi dutenei... Oro har, euskararentzat etorkizun hobea nahi duten eta eragiteko prest dauden gasteiztarrei zuzenduta dago.

Zer aldatu da bigarren edizio hau lehenengoaren aldean?

-Lehen edizioa, akaso, teorikoagoa izan zen. Zenbait metodologia eta proposamen ezagutu genituen, esperientzia trukaketetarako tartea ere izan bagenuen ere. Baina esango nuke bigarren hau edizio oso praktikoa izaten ari dela.

Zer irizpide erabiltzen dituzue gaiak aukeratzeko?

-Saiatzen gara jendearentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak jorratzen, betiere hezitzaileak. Ba-tzuetan teorikoagoak, beste batzuetan praktikoagoak, baina jardunerako erabilgarriak eta lagungarriak direnak. Gainera, lehen ediziotik ahalegindu izan gara eredu izan daitezkeen esperientziak ekartzen, Arabako eta Gasteizko euskara elkarte eta komunitateei ahotsa emanez.

Zein helbururekin jaio zen Eragiteko Janzten?

-2021ean ekin genion lehen aldiz, Gasteizko euskaltzaleentzako gogoetarako une eta guneak sortu nahian. Zenbait behar ikusten genituen: Batetik, Gasteizko euskaltzaleak elkarrekin gogoeta ariketa batean jartzeko. Ez gara gutxi, hemendik eta handik gabiltza, bakoitza bere esparruan, baina denok eragin nahian. Bestetik, kohesioa eta lankidetza pizteko. Horretarako elkar ezagutza ezinbestekoa da. Ez bakarrik nortzuk garen, baizik eta zertan ari garen, ze esperientzia eta eredu ditugun gure inguruan... Eta, horrez gain, jakina, formazioa. Zikloaren izenak dioen bezala, eragiteko janzten ari gara. Azken hamarkadetan euskara sustatzeko hainbat oinarri teoriko eta metodologiko sortu dira. Horiek gizarteratzea nahi dugu, euskalgintzan guztiok garelako beharrezkoak.

Espero zenuten harrera izan du?

-Zaila da esatea. Gasteizko euskaltzaleon jardunerako baliagarria eta hezitzailea izatea nahi genuen, eta hori lortu dugulakoan gaude. Uste dut oso gai interesgarriak mahaigaineratu ditugula aurten, eta parte-hartzaileek hala adierazi digute.

Hirugarren edizioa izango da?

-Hori espero dugu, bai. Hala ere, une honetan, aurtengo edizioko laugarren saioan zentratuta gaude. Azken saioa pasata, antolakuntzan gabiltzan ALEA komunikabidea, GEU elkartea, Lazarraga kultur elkartea eta Arabagara-Topagunea bilduko gara, bigarren edizioari itxiera emateko. Eta gero, gerokoak.

Zein gai landu dituzue ziklo berri honetan?

-Egia esan, saio bakoitza ezberdina izan da. Otsaileko saioan, lauretan lehena, Gasteizko euskalgin-tzaren argazkia osatzen ahalegindu ginen. Hau da, euskararen alde nortzuk, non eta nola ari diren jaso genuen, ostean gizarteratzekotan, eragile hauen arteko lankidetza pizteko xedearekin. Martxokoan, Sumendi espazioan egin genuena, auzo elkarteei eta gazte eragileei eman genien ahotsa. Zabalgana euskara taldea, Txagorritxuko Zizta euskara taldea, Judimendiko Gazte Asanblada eta, preseski, Sumendiko taldekideak gonbidatu genituen mahai inguru batera, eta horietako kideek hainbat azalpen eman zizkiguten: nola egituratzen diren, zer nolako lankide-tza eta aliantzak sortzen dituzten, zer kezka.

eta motibazio dituzten... Apirilean, lehen aipatu bezala, Asier Etxenike eta Iñaki Martinez de Luna soziologoak gonbidatu genituen saiora. Bertan, Gasteizen eta Araban datozen 20 urteotan emango diren zenbait gertakari soziodemografikoren berri eman ziguten, eta, horrekin batera, aintzat hartzeko zenbait gako, etorkizunean euskararentzako aldeko egoera lor dezagun. Eta, datorren asteartean, aipatu duguna: kulturaz arituko gara.

Horietatik guztietatik, zein ondorio ateratzen dituzue?

-Zerrenda luzea da, baina bat azpimarratuko nuke: Gasteizen bagarela esparru anitzetan eragiteko prest dauden herritar eta eragile euskaltzale asko, eta, hori horrela den bitartean, aurrera egingo dugu.

Nahi duzunarentzako tartea.

-Eragiteko Janzten-eko saio guztiak, aurtengoak zein iazkoak Arabako Alea komunikabideko lagunek grabatu dituzte, euren YouTube kanalean daude edonorentzat eskuragarri. Datorren astekoa, aurtengo azkena, grabatuko dugu ere bai, baina oraindik eman daiteke izena saioan parte hartzeko, Euskaltzaleen Topagunearen webguneko Eragiteko Janzten-eko atarian (https://topagunea.eus/eragiteko-janzten/). l

"Lehen ediziotik, argi genuen Gasteizko euskalgintza bildu eta elkarlanean jartzeko, etxetik hasi beharko genuela"

"Oso pozik gaude antolatutako saioekin. Gasteizko euskaltzaleen interesekoak izan direlakoan gaude"