Kalera ateratzea, emakumeen eskubideak aldarrikatzea, lan aukera berdintasuna, soldata berdintasuna eta, edozein kasutan, berdintasuna alderdi guztietan. Ehunka herritar atera ziren atzo kalera Emakumearen Nazioarteko Egunean, Emakunde Emakumearen Institutuak ere egin zuen dei batean.
Hala, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, herritarrak animatu zituen Emakumearen Eguna zela eta antolatutako ekitaldietan aktiboki parte hartzera. Zuzendariaren iritziz, parte-hartze horrek garrantzi handia zuen atzo, berdintasunaren alde borrokatzeko une egokia dela uste baitu: “Berdintasunerako une erabakigarrian gaudelako”, azpimarratu zuen. “Covid 19ak eragindako krisiaren ondorioekin, emakumeek ondorio latzenak jasan dituztelako, eta, bestetik, eskuin muturretik datozen berdintasunaren aurkako diskurtsoak indarrez azaleratzen ari direlako”, gaineratu zuen. Horregatik, atzo Emakumearen Institutuak egunero lan egitera bultzatu nahi izan zuen, emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bidezkoago baten alde.
Zehazki, Emakundek egunero emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzearen alde lan egitera animatzen ditu herritarrak, “bakoitzak gure espazioetatik”, eta martxoaren 8a bezalako aldarrikapen egun batean, “berdintasunaren aurkako diskurtsoei aurre egin eta erantzun sendoa ematera, horrela erakutsiz euskal herritar gehienak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde daudela, eta ez dutela onartuko atzerapauso bat bera ere lortutako eskubideetan”.
Emakumeen eskubideen alde eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde borrokatzea ez da lan erraza, eta eguneroko bizitzan ekintza txikiak eginez hasten da. Baita haurtzarotik ere. Hain zuzen ere, haurtzaroan dago bideratuta aurtengo Emakumearen Egunari buruzko kanpaina. Horrela, aurtengo martxoaren 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguneko, kanpainak gizarteari neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasan behar duten gehiegizko presioaz ari da, gorputzen nahitaezko “perfekzioaz”, ezarritako edertasun-kanon zorrotzaz, hipersexualizazioaz eta gorputzen kontzeptualizazio gero eta “merkantilistagoaz”.
Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta honen helburua da gizarteari erakustea “garaiz gaudela emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza”, azaldu zuten Emakundetik. Kanpainak itxaropen mezu bat zabaldu nahi du: “garaiz gaude datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko”. Kanpainaren goiburu nagusia galdera bat da, neskatoek berek egiten dutena gorputz “perfektu” eta hipersexualizatuen irudien bonbardaketaren aurrean. Egunero jasotzen dituzten irudiak dira sare sozialen, bideojoko askoren, “komunikabide batzuen eta modaren sektore batzuen aldetik. Hauen aurrean, neskek galdetzen dute: Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena? Eta leloa honako mezu honekin amaitzen da: Garaiz gaude neskatoei beste etorkizun bat eskaintzeko, haien gorputz eta itxuraren gaineko presiorik gabe.
“Aurtengo Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztuko dizuegu. Urtero gai bat aukeratzen dugu eta aurtengo hau da: Emakumeek gizarte honetan jasaten duten gehiegizko presioa euren gorputz eta itxuraren gainean. Argi daukagu presio honek mugatu egiten duela emakumeen bizitza”, adierazi eta gaineratu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak kanpainaren aurkezpenean: “Horregatik dei bat egiten diogu gizarteari. Eta dei hau ez da salaketa batean geratzen soilik. Itxaropenezko mezu bat bidali nahi dugu: Garaiz gaude. Garaiz gaude gaur egungo neskei beste etorkizun bat eskaintzeko. Euren gorputz eta itxuraren gainean halako presiorik jasan ez dezaten”.
Ildo horretatik, gaineratu zuenez, “hurrengo belaunaldiak berdintasunaren belaunaldiak izatea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dugun helburu nagusia”. Hain zuzen ere, horren adibide da Generation Equality nazioarteko ekimena, Berdintasun sailak Emakunderen bidez sustatzen duena. Izan ere, ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako sailburuak gogorarazi zuen emakume askok jasaten dutela presioa beren gorputzen gainean. Ez hori bakarrik, sufrimendu horrek ere eragiten du horietako askoren bizitza eta askatasuna mugatzea. Errealitate hori ez da gauza berria, baina, sailburuak nabarmendu zuenez, egoerak okerrera egin du azken urteotan, sare sozialak direla eta, sare horietan emakumeen gorputzen gero eta esplotazio mediatiko handiagoa gertatzen delako. Nesken sexualizazioaren fenomenoaz ere ohartarazi zuen,“ itxura fisikoaren inperioaren testuinguruan”.
Adierazpenak. Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, herritarrak animatu zituen Emakumearen Eguna zela eta antolatutako ekitaldietan aktiboki parte hartzera. Zuzendariaren iritziz, parte-hartze horrek garrantzi handia zuen atzo, berdintasunaren alde borrokatzeko une egokia dela uste baitu: “Berdintasunerako une erabakigarrian gaudelako”, azpimarratu zuen. “Covid 19ak eragindako krisiaren ondorioekin, emakumeek ondorio latzenak jasan dituztelako, eta, bestetik, eskuin muturretik datozen berdintasunaren aurkako diskurtsoak indarrez azaleratzen ari direlako”, gaineratu zuen. Horregatik, atzo Emakumearen Institutuak egunero lan egitera bultzatu nahi izan zuen, emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bidezkoago baten alde.
Eusko Jaurlaritza. “Aurtengo Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztuko dizuegu. Urtero gai bat aukeratzen dugu eta aurtengo hau da: Emakumeek gizarte honetan jasaten duten gehiegizko presioa euren gorputz eta itxuraren gainean. Argi daukagu presio honek mugatu egiten duela emakumeen bizitza”, adierazi eta gaineratu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak kanpainaren aurkezpenean: “Horregatik dei bat egiten diogu gizarteari. Eta dei hau ez da salaketa batean geratzen soilik. Itxaropenezko mezu bat bidali nahi dugu: Garaiz gaude gaur egungo neskei beste etorkizun bat eskaintzeko”.