Onurak. "Aldizka eginda, jarduera horrek onurak dakartza maila fisikoan nahiz mentalean. Horien artean daude estresa murriztea, immunitate-sistema indartzea, susperraldia erraztea, insomnioa arintzea, kontzentrazioa hobetzea, arnasketa-arazoak eta biriketako gaixotasunak arintzea, odol-tentsioa eta azukre-balioak jaistea edo bihotza indartzen duen DHEA hormona osatzea", azaldu zuten antolatzaileek. "Edizio berri honetan, saio osasungarri hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen da".
- Naturarekiko lotura bultzatzen duen ongizate-praktika da. Zentzumenen bidez egiten du. Vital Fundazioak Basoan murgiltzea programaren edizio berria jarri du martxan. Atzo jakinarazi zuten bertatik edizio berri hori Dendaraban goizean egin zuten aurkezpenean. Hala, Vital Fundazioak joan den udazkenean jarri zuen abian ekimen hori, eta emaitza onek beste edizio bat ekarri dute, erakundeak ingurumenarekiko sentsibilizazioarekin, errespetuarekin eta ondare natural hurbilenaren zaintzarekin duen konpromisoa indartzeko.
"Aldizka eginda, jarduera horrek onurak dakartza maila fisikoan nahiz mentalean. Horien artean daude estresa murriztea, immunitate-sistema indartzea, susperraldia erraztea, insomnioa arintzea, kontzentrazioa hobetzea, arnasketa-arazoak eta biriketako gaixotasunak arintzea, odol-tentsioa eta azukre-balioak jaistea edo bihotza indartzen duen DHEA hormona osatzea", azaldu zuten antolatzaileek. "Edizio berri honetan, saio osasungarri eta atsegingarri hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen da, puntualki edo modu jarraituan, 2022ko udaberrian zehar", gaineratu zuten.
Hala, eta ildo horretatik, eskainitako jarduera horri esker, esperientzia pertsonala lor daitekeela ziurtatu zuten, beste pertsona batzuekin partekatutakoa eta gidatua, naturarekiko lotura errazteko. 18 urtetik gorakoentzat da, eta parte hartzeko ez da prestakuntza fisiko berezirik behar, oinez ibiltzeko edo bi orduz zutik egoteko gai izatea baino ez. Era berean, beharrezkoa da jarrera irekia eta lasaia izatea, irauten duen denbora gehiena isilik emateko prest egotea, norberarekin, beste pertsona batzuekin eta inguruarekin. Gainera, zehaztu bezala, saio guztiek hiru kilometro inguruko ibilbide laburra izango dute, irisgarriak, malda handirik gabe eta hirigunetik urrun. Basoan murgiltzea errazteko jarduerak ere izango dira, behaketa, entzute aktiboa, arnasketa kontzientea edo zentzumenen pertzepzioa landuz.
Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak eta Laura Hernández jardueraren koordinatzaileak aurkeztu zuten Basoan murgiltzea ekimenaren edizio berria. Era berean, Felipe Camarak ere parte hartu zuen, ONCEn afiliatutako pertsona talde baten ordezkari den aldetik. "Izan ere, ONCEko talde horrek lehen aldiz biziko du esperientzia hori, eurentzat egokituta. Armentiako basoan izango da, ekainaren 16an", azaldu zutenez.
Jardueran hasi nahi dutenek irteera puntualak aukeratu ahal izango dituzte, gidatuak, Gasteizko hiri-inguruko baso batetik, hala nola Armentiako basotik edota Zabalganako basotik. 10:00etatik 12:30era izango dira, igandeetan. Bisitak martxotik ekainera bitartean eskainiko dira, egun hauetako edozeinetan: martxoaren 27an, apirilaren 3an, maiatzaren 15ean edo ekainaren 12an. Saio bakoitzaren prezioa 10 eurokoa da.
"Jarduera udaberri osoan eta talde egonkor batekin etengabe egiteko aukera ere egongo da. Ibilbideak Eraztun Berdeko basoetan zehar egingo dira, naturarekiko birkonexioa errazteko eta praktika mota horrek dakartzan onurak lortzeko beste jarduera batzuekin batera. Naturan aldizka murgiltzea sustatzea dute helburu", azaldu zuten. Jarduera larunbatetan edo igandeetan egin ahal izango da, kasu bietan 10:00etatik 12:00etara bitartean. Larunbateko taldeak apirilaren 9an eta 23an, maiatzaren 7an eta 21ean eta ekainaren 4an eta 18an izango dira. Igandeetako taldeak apirilaren 10ean eta 24an, maiatzaren 8an eta 22an eta ekainaren 5ean eta 19an izanen dira. Zabalganako parketik igaroko da ibilbidea maiatzaren 7an eta 8an eta ekainaren 4an eta 5ean, eta Armentiako basotik gainerakoa. Prezioa 45 eurokoa da sei saioengatik. Aukeretako edozeinetan izena emateko epea gaurtik aurrera zabalduko da Vital Fundazioaren www.fundacionvital.eus webgunean. "Irteerak, puntualak nahiz talde egonkorrekoak, helduei zuzenduta daude, eta gaztelaniaz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) eskaintzen dira, aukeratutako dataren arabera, irteera bakoitzeko gehienez 12 parte-hartzailek osatutako taldetan", ondorioztatu zuten. Naturarekin esperientzia bat bizitzeko eta gozatzeko eman dezakete jada izena interesdunek.