npresen aldaketa digitalari, hots, 4.0 industria delakoari dagokionez, establezimenduen % 51,5ek sare sozialak erabiltzen dituzte enpresa-xedeetarako. Hori, adierazlerik nabarmenena da, aztertzen diren bederatzi adierazleen artean, Eustaten azken txostenean adierazten duten bezala.

Ildo beretik, eta bigarren tokian, Zerbitzu Mugikorrak daude, % 30,2rekin. Zerbitzu mugikortzat hartzen da enpresaren jarduerarekin eta produkzio-prozesuekin loturiko aplikazioak erabiltzea. Hirugarrenean, hodeiko zerbitzu informatikoak (Cloud Computing). Establezimenduen % 23,1ek horren bidez ordaintzen dute, eta enpresa baten informazioa edo zerbitzuak ikusteko aukera ematen dute, Interneteko konexio baten bidez, edo edozein tokitan kokatuta dagoen beste gailu mugikor edo finko baten bidez. Ondoren, % 10 eta % 20 arteko ehunekoekin, zibersegurtasun jarduerak, Gauzen Internet (IoT) eta Big Data Analisia daude. Azkenik, % 5aren azpitik daude Adimen Artifiziala, Robotika eta 3D inprimagailuak. "Hamar langile edo gehiagoko establezimenduetan, ehuneko horiek handiagoak dira: Tamaina horretako establezimenduen % 70,3k sare sozialak erabiltzen ditu, eta % 40aren gainetik daude zerbitzu mugikorrak, hodeiko zerbitzu informatikoak eta zibersegurtasun jarduerak", esan eta gaineratu dute Eustatetik: "Bestalde, % 20aren gainetik daude Big Data analisia eta Gauzen Internet (IoT). Halaber, Robotikaren erabilera ere nabarmendu daiteke, izan ere, tamaina horretako kasuen % 11,8an ematen bada ere, jarduera-sektorea kontuan hartzen bada, Industrian % 22,9ra heltzen da".

Merkataritza elektronikoari dagokionez, nabarmentzekoa da azken urtean izan duen erabilera eta hazkundea ere. Interneten erabiltzaileen erdiak baino gehiagok 2021ean ondasun edo zerbitzuren bat erosi du bitarteko horren bidez azken hamabi hilabeteetan. Internet bidez gehien erosi dena kirol-materiala eta arropa, etxerako ondasunak, ekipamendu elektronikoak, elikadura-produktuak, liburuak, aldizkariak, egunkariak eta ekipo informatikoak dira. Ikuskizunetarako eta oporretako ostatuetarako sarrerak nabarmen gutxitu dira, koronabirusak biztanleen artean izan duen eraginagatik seguruenik.

Nazioarteko datuak ere aztertu ditugu. Ekipamenduen atalean gertatu den bezala, EAEn eta Espainian geroagoko datuak baditugu ere, 2020ko lehen hiruhilekoaren datuak besterik ez dira egon erabilgarri EBko herrialdeei dagokienez. EAErekin hobeto alderatzeko, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak erabiltzen dira. Bestalde, aldi bera eta herrialde horiei buruzko informazioa ematen duten erakundeek erabili dituzten sektore berak kontuan hartu dira". Hori guztia kontuan hartuta ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteetan erosketa eta salmenta elektronikoak asko gehitu diren arren, "oraindik ez dutela eragin handirik EAEn, izan ere, grafikoaren behealdean kokatzen da. Europar Batasuneko herrialde gehienek gainditu dute bai erosketa elektronikoei, bai salmenta elektronikoei dagokienez".

Azkenik, informazioaren gizartearen panoraman, Euskal Estatistika Erakundeak administrazio elektronikoa ere aztertu du, e-administrazioa izenez ere ezagutzen dena. Azterlan horren helburua da administrazio publikoetako establezimenduetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien ezarpena ezagutzea. Bigarren helburua da, halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erabiltzaile eta enpresek administrazio publiko horien zerbitzu elektronikoak nola erabiltzen dituzten jakitea. Alde horretatik, lehen ondorioa argi eta garbi dago: administrazio elektronikoak administrazioarekin izapideak bide telematikoz egiteko aukera ematen du. Esparru horretan, 15 urtetik gorako Internet erabiltzen duten biztanleen %45ek aurreko hamabi hilabeteetan Internet bidez betetako inprimakiak aurkeztu ditu. Aurkeztu ez duten erabiltzaileen artean, %6k bakarrik izan du inprimakiren bat aurkezteko beharra, eta ez du telematikoki tramitatu.

Administrazioak eskaintzen dituen gainerako zerbitzuei dagokienez, erabiltzeen % 46k bilatu du informazioa eta % 37k deskargatu ditu formulario ofizialak bide horren bitartez. "Guztira, erabiltzaile diren biztanleen erdiak baino apur bat gehiagok (% 54,5) erabaki dute Internet erabiltzea administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak baliatzeko", ondorioztatu dute Eustatetik.