Programa. Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Basque Circular Hubak Circular Berrindartzea 2021 programa abiatu du, gazte-enplegua Euskadin sustatzeko

eta enpresa txiki eta ertainen prestakuntza hobetzeko, ekonomia zirkularrak planteatzen dituen erronken aurrean. Programak Novia Salcedo Fundazioaren lankidetza du, eta sektore industrialeko ETEetara zuzentzen da bereziki, eta baita konponketa-zerbitzu aurreratuak eta sektore industrialarekin lotutako beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten enpresetara ere. Bete beharreko baldintza da euren sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egotea edo bertan gutxienez jarduera-zentro bat izatea.

Helburua. Helburua da unibertsitateko edo LH2ko titulazioa duten 100 gaztek praktikak egitea atxikitako enpresetan, ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza aditua jaso eta gero. Bertan, haien helburua izango da bide-orri bat inplementatzea, konpainia gai izan dadin ekonomia zirkularraren alorrean jarduteko, aukerak detektatzeaz eta haren lehiakortasuna hobetzeaz batera.

"Enpresak jakingo du nola aplikatzen ari diren ekonomia zirkularra sektoreko liderrak, nola ezarri bezeroaren eskakizunei hobeto erantzuten dieten produktu eta zerbitzu propioak".

- Gazteen enplegua sustatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta, era berean, tamaina txikiko eta ertaineko enpresen prestakuntza hobetzea, ekonomia zirkularrak planteatzen dituen erronken aurrean. Hauek dira Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Basque Circular Hub-ek Berrindartzea 2021 programa abiarazi duen bi helburu nagusiak.

Horrela, Berrindartzea Zirkularra berriro programatu da. Novia Salcedo Fundazioak ere laguntzen du programa horretan, eta industria-sektoreko ETEei zuzentzen zaie bereziki, bai eta konponketa-zerbitzu aurreratuak eta industria-sektoreari lotutako beste zerbitzu batzuk ematen dituztenei ere, baldin eta helbide soziala edo gutxienez jarduera-zentro bat badute, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ihobeko zuzendariak berak azaldu zuenez, programa honen helburua da unibertsitateko edo LH2ko titulua duten ehun gazte enpresetan integratzea praktikak egiteko. Hau da, helburu nagusia da 100 gaztek, ekonomia zirkularrean aditua den prestakuntza-aldi baten ondoren, atxikitako enpresetan praktikak egitea. Bertan, gainera, ibilbide-orri bat ezartzea izango dute helburu, konpainiak ekonomia zirkularraren esparruan jarduteko, aukerak antzemateko eta lehiakortasuna hobetzeko. Bestalde, Euskal ETEei programa horretan parte hartzen laguntzeko, Ihobek zenbait hitzarmen sinatuko ditu Euskadiko kluster, elkarte eta garapen ekonomikoko erakunde batzuekin, 10 baino gehiago.

Circular Berrindartzea 2021 programan parte hartzeko lehenetsitako sektore industrialak honako hauek dira: makineria eta ekipoak; garraiobideetarako osagarrien fabrikazioa; metalaren transformazioa; kimikoa, plastikoaren transformazioa barne sartuta; eraikuntza; elikagaiak eta ontziak. Ekonomia zirkularreko prozesu industrialetan prestatutako profesional gazteak integratzeari esker, programan parte hartzen duten enpresek "identifikatu ahal izango dituzte eredu ekonomiko berri honek haien lehiakortasunaren hobekuntzarako eskaintzen dituen erronkak eta aukerak", adierazi zuen Alexander Botok, Ihobeko zuzendari nagusiak. Eta erantsi zuen: "Zehazki, enpresak jakingo du nola aplikatzen ari diren ekonomia zirkularra sektoreko liderrak, nola ezarri bezeroaren eskakizunei hobeto erantzuten dieten produktu eta zerbitzu propioak, zer tresna dauden enpresaren jarduera konkurrentziatik bereizteko, zer arau- eta lege-garapenek izango duten eragina negozioan datozen urteetan, edo zer-nolako negozio-eredu alternatiboak gauzatu litezkeen modu osagarrian".

Ildo horretatik jarraituz, Ihobetik jakinarazi zutenez, Basque Circular Hubaren aurreikuspenen aurrean, programak espero du "guztira Euskadin bizi diren 100 gazte biltzea, dela unibertsitateko titulatuak dela LH2koak; gazte horiek, prestakuntza-aldi baten ostean, praktikak egingo dituzte programari atxikitako enpresetan, ekonomia zirkularreko bide-orri bat enpresa bakoitzean definituz eta inplementatuz". Gazteek jasoko duten prestakuntza presentziala izan daiteke, Basque Circular Hubaren Bilboko instalazioetan, edota telematikoa edo mistoa. Prestakuntza maiatzean egingo da, eta guztira 80 ikastordu izango ditu. Enpresen banakako proiektuak ekainaren 1etik aurrera hasiko dira garatzen, urriaren 31ra arte.