- Gasteizko Udalak laguntza plan bat jarri du abian osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko. Programa horren lehen faseak 2 milioi euroko aurrekontua du eta sostengu ekonomikoa eta pizgarri fiskalak barne hartzen ditu.
"Planak indartu egiten ditu Arabako hiriburuak azken hilabeteetan ekonomia dinamizatzeko bideratu dituen politiken zutabeak, hainbat berritasunekin. Besteak beste, gutxienez 600 euroko aparteko laguntzak sortu dira bi sektore berezitarako: ehungintza (arropa-dendak eta zapata-dendak, besteren artean) eta turismoa (bidaia-agentziak, biltzarren antolaketa eta gidariak)", azaldu eta gaineratu zuten atzo Udaletik. "Gainera, terrazen ekipamendurako dirulaguntzak emango ditu Udalak lehen aldiz, ostalaritza sektoreak hala eskatu baitu; enpresen arloan, berriz, ekonomia zirkularreko proiektuei laguntzeko lerro bat estreinatuko du". Atzo aurkeztu zuten plana alkateorde Maider Etxebarriak eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek; hain zuzen ere, "pandemiak kaltetutako sektoreen iradokizunetan oinarritzen da" plana. Ekonomia Sustapenaren zinegotziak adierazi duenez, "programak hiru ardatz nagusi ditu, sailak agintaldi honetan bere estrategia politikoaren erdigunean jarri dituen arloei erantzuten dietenak: merkataritzari eta ostalaritzari, enpresa-ehunari eta turismo-sektoreari laguntzea". Gainera, zinegotziak azaldu zuenaren arabera, laguntza horiek "beste erakunde batzuetakoekin osagarriak" izango dira, eta Udalak "laster" argitaratuko ditu betekizunak eta epeak zehazten dituzten deialdiak, teknikariek oinarriak amaitu bezain laster.
"Laguntza-plan honen hiru ardatzetako lehena merkataritza eta ostalaritzari zuzentzen zaie, pandemiak gehien kaltetutakoen artean baitaude. Zehazki, urte hasiera honetan, Udalak 660.000 euro bideratuko ditu bi sektoreen defentsara, hau da, iazko aurrekontuan esleitutako zenbatekoa bikoiztuko du", azpimarratu zuten Udaletik prentsa-ohar batean.