- Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak Etxezarra etxeko bigarren solairua lagatzeko akordioa sinatu dute datozen 25 urteetarako. Hala iragarri zuten atzo Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak udaletxean emandako prentsaurrekoan.
Lagapenak 25 urte iraungo du. Hala, Euskaltzaindiak espazioa egokituko du, eta jarduera akademikoaz gain, kultura eta zabalkunde jarduerak antolatzea aurreikusi du. Euskararen ikerkuntzan sakontzeko ere erabiliko du azpiegitura berria. Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina kargatzen duten zergak eta bestelako gastuak. Gainera, azaldu zuten bezala, akademiak instalazioak berrantolatzea aurreikusi du: Batetik, Etxezarrak bulego-lanerako gune bat izango du, eta, bestetik, kultura eta zabalkunde jarduerak erakusketak eta hitzaldiak, besteak beste egiteko gune zabal bat.
Aipatutakoaz gain, akademiatik azaldu zuten azpiegitura hau hainbat jardueratarako ere erabili nahi dutela, ez herritarrentzat bakarrik, baita elkarteentzat ere. Bereziki, ikerketa eta dibulgazioa egin ahal izateko. "Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak kokatuko ditu", prentsaurrekoan azaldu zutenez.
Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan -behealdean jatetxea dago-. Gaur egun, espazio guztiz gardena da. "Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du. Alde horretatik, funtsezkoa zen Euskaltzaindiak horrelako egoitza izatea. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eta erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Hitzarmenarekin asmatu dugu" adierazi zuen Gorka Urtaran alkateak. Bestalde, euskaltzainburua ere pozik agertu zen akordioarekin, eta horrek akademiak Araban duen presentzia handitzen lagunduko duela esan zuen: "Euskaltzaindiaren presentzia Araban areagotzeko eta indartzeko balio du lagapen honek. Eskerrik asko Gasteizko Udalari eta herriari. Lan egingo dugu euskara eta euskal kulturaren harrera leku egokia izan dadin ordezkaritza berri hau".
Urte honetako hilabete batzuetan, Etxezarra etxeko bigarren solairua elikagaien biltegi gisa erabili du aldi baterako Gurutze Gorriak, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Baina, adierazi zutenez. Euskaltzaindiak espero du 2021ean aurkeztea egoitza berria, eta programazio propioa sortzea, aurkezpen eta jardunaldiekin.
25
Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak Etxezarra etxeko bigarren solairua lagatzeko akordioa sinatu dute datozen 25 urteetarako.