- Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 2021eko uztailaren 31ra arte luzatu du kontrataziorako laguntza programaren indarraldia, Covid-19aren osasun krisialdia eta lan merkatuan dituen ondorioak luzatu direla egiaztatu ondoren. Programa honek milioi bat euroko aurrekontua dauka eta enpresei eta profesional autonomoei diruz laguntzen die 8.000 euroraino kontratazio berri bakoitzeko.

Foru Gobernu Kontseiluak programa aldi baterako luzatzea erabaki zuen atzo, batez ere bi kolektiborentzat: emakumeentzat eta 45 urtetik gorakoentzat. Programa hori uztailaren amaieran jarri zen martxan, 2020ko urriaren 31ra arte indarrean, eta orain beste bederatzi hilabetez luzatzea erabaki dute. "Kontrataziorako laguntza programa, Lanbideren partaidetza daukana, kontratazio mugagabea sustatzen ari da 2017az geroztik, 200 enplegu egonkor inguru sustatuta. Aurtengo deialdiak, zeina 2021eko uztailaren 31ra arte luzatzen baita orain, babesten du gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako kontratazioa ere babesten du salbuespen moduan, betiere lanaldi osokoa bada", adierazi eta erantsi zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik: "Programa horren onuradunak dira enpresa txiki eta ertainak (ETEak), autonomoak eta Araban zerga egoitza eta lantokiak dituzten irabazteko xederik gabeko elkarteak eta erakundeak. Laguntzen zenbatekoa 6.000 eta 7.000 eurokoa da gizonei eta emakumeei dagokien kontratu mugagabe bakoitzeko, hurrenez hurren. Zenbateko horiek 1.000 eurotan handitzen dira kontratatutako pertsonak 45 urtetik gorakoak badira".