urten, EuskarAbentura ohiz kanpoko erronka birtual batean bihurtu da, eta atzo ekimen honen saridunek ezagutu zuten haien garaipena. Guztira, lau talde arabar eman zuten izena probetan parte hartzeko (Hilezkorrak, Zuazotarrak, Marazi eta Betuki). Hauek bostagarren, hamargarren, hamairugarren eta hamalaugarren postuak lortu dituzte azkenean, hurrenez hurren.

Gazteentzako kultur eta aisialdi eskaintza asko murriztu den uda honetan, EuskarAbentura Elkartea EuskarAbentura 2.0 proposamenarekin etorri zen, sortutako hutsuneari aurre egiteko asmoz.

Hilabete osoan zehar, EuskarAbentura elkarteko kideek proba desberdinak eskaini dizkiete parte-hartzaileei, eta hauek, 2001 eta 2005 urteen artean jaioak, bete behar izan dituzte. Era horretan, partaideek, 2 eta 5 kide bitarteko taldeetan banatuta, egon dira hilabete osoan zehar abestien bidez istorioak kontatzen, yoga egiten, koreografiak asmatzen eta muralak klarionekin lurrean margotzen, besteak beste, eta hauek guztiak Instagramera igo dituzte botoak jasotzeko eta rankinean igotzen joateko.

Guztira, uztaila osoan zehar, astelehen, astearte eta asteazkenetan askotariko erronkak proposatu zaizkie gazteei, hauek taldean eta etxetik kanpo burutu behar izan dituztenak, eta astero, osteguneko gauerdia baino lehen bidali dituzte aste bakoitzeko probak.

Hilabete osoko sariaz aparte (20 taldeen sailkapena egin dute), astero ere jaso dituzte partaideek sariak. Koordinatzaileetako bat den Irune de la Mazak dio, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan, “erronken lehiaketaren arira espero genuen bezala atera da dena. Batzuk erronka guztiak egin dituzte eta beste batzuk gustoko zituztenak soilik. Asmoa hori zen, haiek erabakitzea zer egin nahi zuten eta zer ez”.

Zozketaren irabazleek, behintzat erronken erdia egin dutenen artean ospatu dena, EuskarAbentura 2021ean parte hartzeko bi plaza eraman dituzte, bata adin txikikoentzat parte-hartzaile moduan, eta bestea adin nagusikoentzat, begirale-laguntzaile moduan (xerpa laguntzailea). Lehenengoa Amets Aizpurua getariarrak eraman du, eta bigarrena Oihane Salinas donostiarra. EuskarAbentura Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da. Haien web orrialdean adierazten dutenez (https://EuskarAbentura.eus/), aurten ezin izan da posible ospatzea, baina hurrengoan hemen izango dira berriz, indarberrituta.

Bestalde, hilabeteko rankinean hiru talde irabazle daude. Ttak (gipuzkoarrak), Aiaiekuak (gipuzkoarrak) eta Kilkerra eta Piperra (nafarrak), atera dira garaile kasu honetan. “Hauek kamisetak lortu dituzte eta kultur arloko zazki bat, sorpresa batzuekin. Lehenengoak, gainera, aterpetxe batean gau bat dauka”, adierazi du de la Mazak.

Bestalde, eta proba guztietan zehar, segurtasun neurriak ezinbestekotzat jo dituzte antolatzaileek. Horregatik, erronkak gainditzeko gomendioak ere eman zituzten; hala nola, segurtasun distantzia mantentzea, hau ez zenean posible maskara erabiltzea eta eskuak sarritan garbitzea, covid-19aren pandemiari aurre egiteko. EuskarAbenturako koordinatzaileek atzo aurreratu zuten haien sare sozialetan jada oporrak hartu dituztela, baina irailaren 1ean izango dira bueltan, haien helburuak egi bihurtzeko: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.

“Batzuk erronka guztiak egin dituzte eta beste batzuk gustoko zituztenak”

Koordinatzaileetako bat