- Gasteizko Euskaraldiak lanean jarraitzen du konfinamendua eta gero, eta auzoko batzordeak ere euskararen erabilera sustatzeko bidean dabiltza. “Salburua, Olarizu, Zaramaga, Aranbizkarra eta Abetxuko oso aktiboki daude lan egiten, baita Judimendi, Erdigunea, Zabalgana, Arriaga, eta Txagorritxu-San Martin-Adurza ere”, dio Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzaile den Josu Pedruzok, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan.
Sare sozialak ere bidaide paregabea izan dira konfinamenduan zehar -jarraitzaile kopuruaren igoera nabaritu dute bertan-, eta Etxealditik Euskaraldira kanpainak oso harrera ona izan zuela azaltzen du ere; izan ere, Gasteizko Euskaraldiak kanpaina honetarako bideo bat grabatu zuen -bederatzi zirela kontuan hartuta, haiek bostgarrena egin zuten-.
Aurtengo nobedaderik handiena, gainera, ariguneena izango dela gogoratu du. Konfinamenduan zehar ezin izan zuten horren inguruko lan handirik egin, baina orain ekin diote berriz lanketari eta gainera kirolaren eta hezkuntzaren arloetako entitateek Gasteizko euskaraldiarekin kontatuan jarri direla aurreratu du, batzuk haien interesa adierazi dutelako. Ariguneen parte izateko izena emateko epea irailaren 27an amaituko dela azpimarratu du Pedruzok, eta ahobizi eta belarriprest profilen inguruko lanketa irailetik aurrera hasiko dela ere.