Osasun arloko programak sustatzeko 8 hitzarmen berri
Gasteizko Udalak 100.000 eurotik gora jarriko ditu aurreikusitako jardueretarako
- Tokiko Gobernu Batzarrak osasun arloko programak sustatzeko zortzi hitzarmen onetsi zituen atzo goizean, informazioa, prebentzioa, banan-banako arreta eta familientzako sostengua eskaintzeko.
Orotara 101.888 euro bideratu dira onetsitako hitzarmen horietara. “Hartara, beste urrats bat egingo da urte osoan sustatzekoak diren 34 hitzarmenak martxan jartzeko, zeinek orotara ia 600.000 euroko laguntza jasoko baitute. Izan ere, gastuari eusteko neurriek ez diote osasunari eragingo, Orain Gasteiz planaren hiru ildo estrategikoetako bat baita”, adierazi zuten atzo Udaletik.
Onetsitako hitzarmenen arteko bi Hiesaren aurkako Herritarren Arabako Batzordearekin sinatuko dira. “Batetik, GIB/HIESaren eta sexu bidezko beste infekzio batzuen aurkako prebentzio programa garatzeko hitzarmena, zeinak 23.460 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko baitu kontsulta zerbitzua eskaintzeko, prebentzio-materiala banatzeko eta birusa detektatzeko probak egiteko, besteak beste·”, adierazi eta erantsi zuten: “Bestetik, Gayen artean programari dagokion hitzarmena, gayen artean eta gizonezkoen arteko sexu-harremanetan HIESaren transmisioa prebenitzeko. Udalaren laguntza 23.379 eurokoa izango da. Orobat, lankidetza-hitzarmena sinatu da ASAFER-Errehabilitazioan ari diren Arabako Jokalarien Elkartearekin, ludopatiaren inguruko argibide, prebentzio eta orientaziorako programa eta zerbitzuak garatzeko”. Udalak 20.604 euro jarriko ditu, eta hartara jarraipena emango dio Udalaren eta ASAJERen artean duela 28 urte hasitako lankidetzari. Bestalde, AEMARek, Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak, hiru helburu nagusi dituen hitzarmen bat bultzatzen du: gizartea gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzea, beharrezko errehabilitazio-zerbitzuak ematea eta esklerosi anizkoitzak dakartzan alderdi guztiei erantzutea. Ekimen honi esker, Udalak 5.589 eurorekin babesten dituen ekintza terapeutikoak egin ahal izango dira. Zortzi hitzarmen horiek duela astebete Tokiko Gobernu Batzarrean izapidetutakoei gehitu zaizkie.
Temas
Más en Araba
-
El Dólar gana la Semana del Pintxo de Álava 2026 con su Volcán del Norte
-
En imágenes: La Semana del Pintxo de Álava 2026 entrega sus premios
-
Gasteizko Adurtzabal eta Zaramagako futbol zelaiek belar artifiziala estreinatuko dute hurrengo denboraldiaren hasieran
-
Arabako Aldundiak eskola kirolean kirol aniztasuna sustatzeko kanpaina abiarazi du