- Babestu plataforma sozialak gardentasun handiagoa eskatu dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, zahar etxeetan hildako eta koronabirusez kutsatutako pertsonen datuei dagokienez: "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru aldundiei eskatzen diegu egoitzen egoerari buruzko datu osoak emateko; kutsatuei, sendatuei eta hildakoei dagokienez, baita langileek eskatutako protokoloak betetzen dituztela ere, testei dagokienez", adierazi zuten atzo bertako kideek.
Alegia, zehaztu zutenez, datu horietatik abiatuta, diagnostiko bat egin beharko da "ratioei eta eraikuntza-baldintzei buruzko Dekretua erreformatzeko, langileen baldintzak eta erabiltzaileen arreta duintzeko behar diren langileak gehitzeko". Gainera, Babestu Gizarte Ekimenak ohartarazi du Plan Estrategiko sozioitarioa osatu behar dela: "Aurten hiru maila instituzionaletako aurrekontuak aldatzean, antzemandako akatsak kontuan hartu beharko dira, 2017-2020 Plan Estrategiko Soziosanitarioa aktibatu eta osatu beharko da, eta, horretarako, arreta soziosanitarioaren finantzaketa-esparru propioa sortuko da. Hau da, aurtengo urtarrilaren 23an Arabako Batzar Nagusietan planteatu genuen bezala, mozioaren 5. puntuan: ezinbestekoa da zerbitzu soziosanitarioen zorro bat sortzea, egun indarrean dauden osasun eta gizarte-zerbitzuetatik bereizia".
Bestalde, "zahar etxe pribatuetan ikusitako kontrolik eza eta hiru lurraldeetako diputazioen antolaketa- eta baliabide-ezintasuna ikusita, antzemandako gabezia handi horiek konpontzeko, seriotasunez ekin beharko litzaioke egoitza horiek publikoki hartzeari, enpresa pribatuentzako negozio-tresna izateari utzi behar baitiote", gaineratu zuten Babestuk ohar batean.
Eskaera horien ondoren, bertako kideek egun gizarteak bizi duen egoera baloratu zuten. Azpimarratu zutenez, kutsatzeen eta hildakoen ehuneko handi bat zahar etxeetan, pribatuetan zein publikoetan, gertatu da, eta "egoitza gehienetara ez da garaiz iritsi osasun-arreta". Gainera, aldundiek egoitza pribatuak ezin izan dutela kontrolatu azpimarratu zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren ratioen dekretuak "ezertarako balio izan ez" duela ere deitoratu zuten.
"Une honetan, Arabako zentro pribatuen jarduerak ikusita, premiazkoa da egoitza pribatuen esku-hartze administratiboa. Esku-hartze Instituzional honetarako txostena Osakidetzaren diagnostiko batetik eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen txosten osagarri batetik abiatu beharko da, hitzarmenak ez betetzeagatik", erantsi zuten.