- Elkar borrokatzeagatik atxilotuta. 21 urteko eta 34 urteko bikote bat atxilotu zuten joan den ostiralean, etxean gertatutako borroka baten ondorioz.
Gertakaria San Martin kalean jazo zen. Udaltzainek eztabaida gogorra entzuten zutela zioen abisua jaso zuten. Bertaratu zirenean, eta bikotearekin eta hainbat lekukorekin hitz egin ondoren, bikotea atxilotu eta epailearen esku jarri zituzten.
Egun horretan bertan, beste borroka ezberdin batengatik, poliziak ere esku hartu behar izan zuen. Oraingo honetan, udaltzainek 40 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten Antoni Amat Maiz kalean borrokan aritzeagatik identifikatu ondoren. Udaltzainek egiaztatu zutenez, toki hartatik metro gutxira bizi den emakume batengana gerturatzeko debeku-agindua zuen gizonak eta, ustez araua apurtzeagatik epailearengana eraman zuten.
Horrez gain, igandean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten genero-indarkeriaren ustezko delitua egotzita, emazteak Agerrelandako polizia-etxean salatu ondoren. Aitorpena hartu eta gertakariak egiaztatu ostean, patruila bat bizitokira joan zen gizonezkoa atxilotzeko asmoz. Kasu honetan ere, epailearen esku utzi zuten atxilotu eta gero.
Bestalde, igandean ere beste gertaera bat izan zen eta 21 urteko gazte bat atxilotu zuten. Uniformea jantzita zeraman patruila bat herritarren segurtasun-lanak egiten ari zela, gelditzeko agindu zion Adriano VI.a kalean bizikletan zihoala. Udaltzainen aginduei kasurik egin gabe, handik ihes egin zuen, baina inguruan atzeman zuten. Ibilgailuetan eta hiriko altzarietan kalteak eragin eta bi udaltzaini eraso egin ostean, autoritate-agintarien aurkako atentatu-delitua zela eta atxilotu egin zuten. Azkenik, eta konfinamendua ez errespetatzeagatik, udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu ditu alarma-egoera sei aldiz ez betetzeagatik.