- Haur eta nerabeentzako Aktibatu partaidetza-programak bat jarri du martxan, konfinamenduaren ondorioei aurre egite aldera.
"Ikastetxeetan aurrez aurreko eskolarik ez dagoenez, eta udal espazioak ixtearen ondorioz jarduerak bertan behera geratu zirenez, alternatibak bilatu behar izan ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, haurren partaide-tza sustatzen jarraitzeko", adierazi zuten atzo Udaletxetik. Ildo horretatik, espazio birtual berria komunikazio eta partaidetzatresna "garrantzitsua" izango dela ere helarazi zuten, Gasteizko haur eta nerabeentzat zuzenduta.
Hala, datozen egunetan, hainbat jarduera eta dinamikari buruzko informazioa joango da sartzen blog horretan, haurrek etxetik parte hartzerik izan dezaten, beren ideiak partekatzeaz gain. Momentuz, lehen erronka bat bota die dagoeneko blogak erabiltzaileei: haur eta nerabeen eskubideak identifikatzea, emotikonoen erruletaren bitartez.
Haur eta nerabeen partaidetzarako udal programa da Aktiba(tu), 18 urtera arteko haur eta nerabeei zuzendua. Gasteizko udalerriko haur eta nerabeek beren eskubideak eta horiek dakartzaten erantzukizunak ezagutzea du helburu. Horretaz gain, partaidetza sustatu nahi du, ikasketa esperientzien eta partaidetza eta kontsulta taldeen bitartez, non haurrek beren iritziak ematen baitituzte, hiriaren parte aktibo gisa. "Bere ekarpena funtsezkoa izan zen, Unicefek Haurren Lagun den Hiri izendatu zezan Gasteiz 2018an", jakinarazi zutenez.