- Bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbitea. Hori da, apirilaren 20an, Euskaraldiaren eta herri batzordeen sare sozialen bidez plazaratuko den Etxealditik Euskaraldira ekimenak dakarren proposamen nagusia. "Etxealditik Euskaraldira ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta beste alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz", azaldu zuten atzo ekimen honen antolatzaileek.

Ekimenak aurtengo azaro eta abenduan egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzeko baliagarria izatea du asmo. Izan ere, udazkenean, Euskaraldiak proposatzen duen ariketaren oinarriekin bat egiten du. "Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu", azaldu zuen Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak.