- "Azken egun hauetan erabiltzaileen elkarteek eta egoitzetako langileek eskatzen dituzten aldarrikapenak babestu behar ditugu. Foru Aldundiak Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuak xedatzen duena betetzeko behar diren neurriak har ditzan eskatu behar dugu", adierazi zuten atzo Pentsionista Arabatik eta erantsi zuten: "Dekretu horren 2. artikuluan adierazten denez, Euskal Autonomia Erkidegoko adineko egoitza-zentro guztiei aplikatzen zaie, titulartasun publikokoak zein pribatukoak". Horrela, Pentsionista Arabatik azaldu zuten pertsonen bizitza eta osasuna "lehentasunezkoak" direla, eta osasuna ezin dela pertsona batzuentzat "negozio" izan: "Lehentasuna, bizitzak, osasunak eta pertsonak izan behar dute. Inor ez dadila hil, behar diren baliabideak ez direlako garaiz iristen. Osasuna eta mendekotasunaren arreta ezin dira negozio izan inorentzat.Ekonomiaren eginkizuna behar kolektiboak eta pertsonalak asetzea da, eta ez gutxi batzuen aberastea". Ildo beretik, pentsiodunek ziurtatu zuten krisi hori ezin dela gainditu soldatetan egindako murrizketekin. "Krisi hau ezin da konpondu soldaten diru sarrerak galduz eta prestazio eta zerbitzuetan murrizketak eginez. Gobernuek behar diren erabaki politiko eta ekonomikoak hartu behar dituzte, krisialdian eta haren ondoren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak eskura ditzaten".
Atzo egin zuten ohar batean elkartasunerako deia ere egin nahi izan zuten, eta herritarrei dei egin zieten arratsaldeko zortzietan txaloka jarrai dezaten, egunez egun koronabirusaren aurka borrokan ari diren osasun langile eta langile guztien omenez. "Pentsionistak Araba, 2018 eta 2019ko Pazko astelehenean, ez zen plazan kontzentraziorik izaten. Aurten ezin dugu egin, eta ez egiteko beharra dago gainera. Baina horrek ez du aitzakia izan behar, berriro ere osasun-langileei eta Pandemiaren aurkako borrokaren lehen lerroan dauden zerbitzu guztiei, gure esker ona erakusteko".