- Ertzaintzak ohar berri bat igorri zuen atzo, herritarrei gogorarazteko alarma egoera dela eta konfinamendua ohiko bizilekuan izan behar dela eta ez bigarren etxebizitzetan. Hori dela eta, debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara eta aisialdira joatea ere adierazi zuen. Hala, baimendu gabeko bidaiak eragozteko, Ertzaintzak kontrolak ezarriko ditu errepideetan eta garraio kolektiboko geltokietan.
Prebentziozko kontrolen helburua da alarma egoeraren ondoriozko mugimendu murrizketak betetzen direla bermatzea. Izan ere, egun, pertsonek erabilera publikoko bideetatik baino ezin dute ibili, lan-jarduerak edo behar-beharrezkoak diren jarduerak egiteko. Horretarako, Er-tzaintzaren eta Udaltzaingoen patruilek egiaztapenak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko.
Automobilean zirkulatzeko, ibilgailua banaka erabiltzea gomendatzen da. Aldiz, ibilgailuan bigarren pertsona batek bidaiatzen duenean, eskuineko atzeko eserlekuan egin beharko du, ezarritako segurtasun-distantzia errespetatuz, eta ezin izango da ibilgailuetan mugitu segurtasun-distantzia hori errespetatu gabe. Gogorarazten da, alarma-egoera eta osasun publikoko larrialdia betetze aldera, Ertzaintzak errepideak edo errepide-zatiak zirkulazioan ixtea erabaki dezakeela, osasun publikoa, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna direla eta, edo, arrazoi berberengatik, ibilgailu jakin batzuen sarbidea murriztea. Gidariei ere eskatu ahal izango die bidaiaren arrazoiak.