GASTEIZ - Arabako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onespena eman dio hondakin urak hirigunetik industrialdeetara eramango dituen eta eraikitzen ari diren kolektore sare berria eraikitzeko obren lizitazioari. Honekin, Arabako Foru Aldunditik atzo azaldu zutenez, Aldundiako Ingurumen Sailak guztira 1.408.451 euro inbertituko ditu proiektu honetan, zeinari esker, eta 1,7 kilometrotako hoditeriaren bidez, Aguraingo hiriguneko ur guztiak HUA berrira eramango baitira; izan ere, "modernoagoa da eta saneamendurako eta arazketarako gaitasun handiagoa dauka", Foru Aldundiatik atzo azaldu zutenez.
"Egun dagoen udal araztegia ez da nahikoa, kontuan izanda udalerriak zer neurri daukan eta bizilagunek eta industria jarduerek zer arazketa premia daukaten. Horregatik, HUA berriak -eraikitzen ari dira- udalerriko bizilagunen eta Galzar eta Aguraingo industrialdeen hondakin urak bilduko ditu", gaineratu zutem. Hartara, batean bilduko dira bi isurketa guneak, hark eraginkortasun eta edukiera handiagoak ditu.
Aguraingo saneamendu eta arazketarako irtenbidea 2017an adostu zuten, Arabako Foru Aldundiak, URAk eta udalak, hitzarmen bat sinatuta. Horiek horrela, 2021eko udaberrirako aurreikusten da eraikitzen amaituko dela araztegiaren lantegi berria URAren kontura. Atzo azaldu zutenez, oraingoak baino ia hiru aldiz edukiera handiagoa izango du, eta 2040ko ibilgu eta zametarako proiektatua dago. "Hartara, Zadorraren ibilguaren kalitatea hobetuko da Ekialdeko Lautadaren eremuan", zehaztu zuten.
Aurrerapausoa Atzo goizean Arabako Aldundiak eman zuen aurrerapausoari esker, lizitaziora aterako da Aguraingo ibilgu guztiak (hiri zona eta industria zona) araztegi berrira lotzeko lana. Lan horiek 10 hilabeteko epean bukatuko dira, aurreikusita dagoen bezala, beti ere adjudikatzen direnetik.
Hala ere, oraindik hustubide kolektore bat dago eraikitzeke, hau da, urak araztuta eramango dituena Zadorraren ibilguraino. Jardun hori URAk hartuko du bere gain, eta atzo Alduandiatik azaldu zueten, araztegi berria gauzatzeko obren barruan sartuko da.