gasteiz - Araba erdialdeko, Aiaraldeko eta Araba Errioxako, baita Gasteiz-Durango eta Gasteiz-Miranda lineetako txartelak interneten bidez erreserbatu eta eroski ahal dira gaurtik, Arabako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zuen bezala. Bidaiarien plazak ziurtatzeko eta denbora aurrezteko helburuekin sortu dela adierazi zuen Mugikortasunaren saileko diputatuak, Javier Hurtadok.

Diputatuak adierazi zuenez, "Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren sailak proiektu teknologiko eta berritzaileak garatzen ditu, arabarrei eskaintzen dien garraio publikoko zerbitzua hobetzeko eta herritarrek ibilgailu partikularrak ez erabiltzeko benetako bestelako aukerak izan ditzaten".

Proiektu hauek guztiak Arabako mugikortasun plan zuzentzailearen baitan egiten dira. Izan ere, plan hori 2015ean ezartzen hasi zen eta foru garraio zerbitzua "nabarmen hobetu du: emakiden berrikuntza; autobus eroso, seguru eta eraginkorragoak; ibilbide eta geltoki berriak; maiztasun handiagoa, eta Bat txartelaren bidezko ordainketa", gogoratu zuen. Horretaz gain, lan egiten jarraitzen dutela ere aurrerratu zuen helburu hori, bezeroek garraio publikoa geroz eta gehiago erabiltzea, lortzeko. Datuei erreparatuz, foru garraioak 1,5 milioi erabiltzaile izan ditu 2019. urtean, 2018an baino %6,5 gehiago.

Txartelak aldez aurretik erosi eta erreserbatzeko zentrala AlavaBus webgunean dago, araba.eus/alavabus web orrialdean. Bertan eman behar diren pausoak honakoak dira, Mugikortasun zuzendariak, Patricia Perez Aguirrek azaldu zuen bezala.

Lehenik eta behin, bidaiariak AlavaBus webgunearen bilatzailea erabili behar du nahi duen ibilbidea aurkitzeko eta gero nahi duen bidaia aukeratu. Bidaia bakoitzaren ondoan bi botoi daude. Lehenengoak txartela erosteko aukera ematen du eta bigarrenak, berriz, Bat txartelaren bidez erreserba egiteko aukera. Lehenengo botoiari sakatuz gero, txartela banku txartelarekin ordaindu beharko du erosleak, ordainketa pasabide seguruaren bidez. Behin egiaztatuta, ezin izango da ez ezeztatu ezta beste baten truke aldatu ere. Bigarren botoiari sakatuz gero, aldiz, foru autobusean bertan ordainduko du bezeroak Bat txartela erabiliz eta dagozkion beherapenak aplikatuko dizkiote. Hau ezeztatu daiteke eta autobusera igotzean gidariak txartelarekin erreserba egin dela egiaztatuko du.

Bat txartelaren zenbakia idatzi behar da eta soilik pertsona batentzako erreserba egin daiteke txartel bakoitzeko. Erabiltzaileek zenbait datu adierazi beharko dituzte, bai batean bai bestean. Hala nola, bidaiari kopurua (Bat txartelarekin ez), profila (familia ugari orokorra edo berezia, arrunta edota doakoa), izen-abizenak, posta elektronikoa eta sakelako telefono zenbakia. Posta elektronikoa eta telefono zenbakia garrantzitsuak dira bertara erosi edo erreserbatu den bidaiaren lokalizatzailea helduko delako. Ordainagiria inprimatzeko aukera ere ematen du zentralak. Eragiketa hau, bai banku txartelarekin ordaintzearena, baita Bat txartelarekin erreserba egitearena, errepikatu beharko da bueltako bidaia eskatu nahi badu bezeroak. Atzo emandako prentsaurrekoan ere aurreratu zuten udaberrirako txartelak aldez aurretik erosi eta erreserbatzeko zentral hau sakelako telefonoetarako AlavaBus aplikazioan ere egongo dela, Android eta Ios sistema eragileetarako.

datu onak 2019. urtean foru garraioak 1,5 milioi erabiltzaile izateaz gain, beste datu positibo gehiago badaudela gogoratu zuen Hurtadok. "Garraio publikoaren eskaintza erakargarria bada, normalean, bidaiariek ondo erantzuten dute, eta foru garraioaren kasuan, hala gertatu da. Foru lineen erabiltzaileen kopurua % 40 hazi zen 2015. eta 2019. urte bitartean, eta 2019an, 1.555.720 bidaiari izan genituen guztira, 2018an baino % 6,5 gehiago", nabarmendu zuen.

Izan ere, iaz AlavaBusen emakida guztiek garapen positiboa izan zutela azpimarratu zuen. Bereziki gailendu zituen Gasteiz-Durango eta Bilbo-Logroño lineak, haien erabilera %19 eta %14 hazi baitzen, hurrenez hurren. Gainerakoen tasak % 2 eta % 5,5 artean ere hazi zirela gogoratu zuen.

bilbo-gasteiz Arabako Foru Aldundiak oraindik ez du jaso dagokion auzitegitik errekurtsoa. Hau jasotzean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eseriko dira eta zazpi lineen emakida negoziatuko dute. Hala ere, Hurtadok aurreratu zuen Bilbo-Gasteiz linearen egoera Arabako Foru Aldundiak dituen emakida guztien bezalakoa izango zela.

Hala eta guztiz ere, haiek garraio publikoaren bezeroei ibilbideak ahal duten heinean erraztu nahi dizkietela azpimarratu zuen, eta bide horretan jarraituko dutela bai atzo aurkeztutako erremintarekin, baita etorkizunean aurkeztuko dituzten beste zenbait proiektuekin ere.

bat nfc Ibilbide horretan, pasa den asteazkenean aurkeztu zuten aplikazioa, Bat NFC, jauzi garrantzitsua izan dela nabarmendu zuen diputatuak atzoko prentsaurrekoan. Aplikazio hau, Android 4.0 eta NFC duten mugikorretan jaitsi daiteke eta bertan Bat txartela kargatu edozein lekutan eta edozein ordutan. Aplikazio hau Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) sustatu zuen Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailak proposatuta. Ekimen hau bereziki herri txikientzako izango da onuragarria. Izan ere, Arabako zenbait alkatek herritarren Bat txartelak batzen zituzten eta Gasteizera edo Kutxa bat zeukan herri batera joaten ziren hauek kargatzera. Orain, berriz, mugikor batekin egin dezakete herritik mugitu gabe.

Erosketa. Erosketa banku txartelaren bidez egingo da, eta behin baieztuta ezin izango da ez ezeztatu, ezta bidaia beste baten truke aldatu ere. Bidaiari kopurua adierazi behar da.

Erreserba. Erreserba Bat txartelaren zenbakia jarriz egingo da. Txartel bakoitza bidaiari bakarra erabil dezake. Honek bidaia ezeztatzeko aukera ematen du, eta gidariak erreserba baieztatuko du behin autobusera igota.

Mugikortasun saileko diputatuak Arabako mugikortasun plan zuzentzaileari buruz hitz egin zuen, zenbait arlotan "hobekuntzak" eragin baititu.