GASTEIZ - Atzo hiru akusatuen txanda izan zen, Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Ruben Cerdan, nahiz eta horietako bigarrenak lekuko gisa deklaratu zuen, gertakariak aitortu eta epaiketa hasi eta minutu gutxira zigortua izan ondoren. Gaurko agendan aurreikusita dago auzi honetan funtsezkoak diren hiru lekukok deklaratzea. Lurman enpresako ordezkari bat da, lan horietan ari ziren pieza arkeologikoak garbitzeaz arduratzen den pertsonetako bat eta Eliseo Gilen arrebak ere deklaratuko du, lekuko gisa.
Hiru pertsona horiek deklaratzea funtsezkoa izango da epaileak eta abokatuek zalantzak argitu ditzaten aurkikuntzak faltsuak izan ziren ala ez. Izan ere, Eliseo Gil akusatuak berak atzo azaldu zuenez, aurkikuntza gehienak prozesuan edo piezak garbitu ondoren egiten zituzten, eta gutxiagotan lehenago.
Dena aurreikusitakoaren arabera badoa, gaurko saioaren ondoren, bihar beste zortzi lagunek deklaratuko dute. Hala ere, abokatuen eskaeren ondoren, bereziki Eliseo Gilen defentsarena, eta epaileak eskaera horiek onartuz gero, hasiera batean aurreikusitako agendak aldaketak jasan ditzake eta agian bihar edo datozen egunetan deklaratzera deituko dituzte hasieran epaiketa aurreikusita zegoen baino lekuko gehiago.
Publiko bezala, akusatuen senideak eta Iruña Veleia Argituk plataformako kideak izan ziren. Saioaren hasieran, isilik egoteko derrigortasuna gogorarazi zuen epaileak, edo, bestela, publikoa kalera botako zuela ziurtatu zuen. Hala, publikoa isilik mantendu zen epaiketak iraun zuen sei ordu baino gehiagoan, baina, behin bakarrik, Arabako Foru Aldundiko abokatuaren galdera baten aurrean barreak entzun ziren, baina epaileak azkar moztu zituen. - E. F. D.