Gasteiz - Atzo goizean Gasteizko Txosnetako zortzi kidek Jimmy Jazz aretoa erabili zuten haien 40. urteurreneko lehen ekintzaren aurkezpena egiteko. Aurten urte berezia da haientzat, eta horregatik banda lehiaketarekin emango diote hasiera haien ospakizunei.

Adei Pinedok euskeraz, eta Aitziber Romerok erderaz, ohar bat irakurri zuten familia argazkiaren ondoren. Bertan, Gasteizko Txosnen iragan eta etorkizunari buruz hitz egin zuten, 40. urteurrenaren arira urte guztian zehar ekimen puntualak antolatuko dituztela gogoratuz, baita parte hartzea izango dela "ekimen hauetako oinarri nagusia, Gasteizko jaiak aurrera ateratzeko egiten dugun filosofia mantenduz" ere.

Gainera, eta lehen ekitaldi gisa, Gasteizko Txosnetako banda lehiaketaren berri eman zuten. Lehenik eta behin, txapelketa honen helburua azaldu zuten: "Talde ez-ezagunei eszenatoki gainean aukera bat eman nahi diegu", adierazi zuen Pinedok, edozein taldek parte har dezakeela gogoratuz.

Izena emateko epea otsailaren 27ra arte luzatuko da, eta haien web orrialdean (gasteizkotxosnak.eus) dagoen inprimakian taldekideen datuak txertatu beharko dituzte, baita hiru abesti bidali ere. "Behin talde guztiek izena emanda, martxoaren 5etik 12ra 8 talde sailkatuak iragarriko dituzte Gasteizko Txosnek eta hauetako lau finalera igaroko dira", azaldu zuen. Horietatik bat ikuslegoak aukeratuko du, eta besteak Gasteizko Txosnetako epaimahaiak. Bat, gutxienez, Arabakoa izan beharko da, eta beste bat emakumeen presentzia izan beharko duela aurreratu zuten.

Sailkatutako lau taldeek Jimmy Jazz aretoan zuzenean joko dute martxoaren 26an, final handian. Emanaldi bakoitzaren iraupena, gutxienez, 15 minutukoa izan beharko da, eta gehienez 20 minutukoa. Hau gaindituz gero, emanaldia geldituko dela aurreratu zuten. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du baita Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera ere, jaietako egun batean.

Baldintzak Gasteizko Txosnen web orrialdean banda lehiaketan parte hartu ahal izateko zenbait baldintza daude ikusgai. Adibidez, aurreratzen dute musika taldeek ezin izango dutela diskoetxe batekin indarrean dagoen kontraturik izan, eta aurkezten dituzten abestietan euskerak duen presentzia positiboki baloratuko dela. Gainera, debekatuta daude letra sexistak, homofoboak, arrazistak eta xenofoboak.

Antolakuntza osatzen duten kideek adierazi dute, bestalde, ez dutela haien gain hartuko plagiorik, "ezta legearen beste edoizein urraketa ere". Gainera, bertsioak egiten dituzten taldeek epaimahaiaren balorazio baxuagoa izango dutela azpimarratu dute, baina final handian hiru abesti propioez gain bertsioak ere joko ahalko dituztela denbora betetzeko.

Partaideak Gasteizko Txosnak haien lana esparru ezberdinetan burutzen duten kolektibo ezberdinek osatzen dituzte. Adibidez, eta haien web orrialdean adierazten duten bezala, "antidesarrollistak, ikasle mugimendua, komunikazio alternatiboa, internazionalismoa, euskararen defentsa, errepresioaren kontrako lana, eskubide sozial eta politikoak, etab." dira elkartearen parte.

Hauen guztien helburu nagusia "jai-eredu parte-hartzaile, herrikoi, parekide eta euskaldunaren aldeko apustu garbia" egitea da, eta horregatik dabiltza elkarlanean, haien erabakitzeko eta parte-hartzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hau lortzeko, gainera, gero eta ekimen gehiago prestatzen eta antolatzen ari direla aurreratu dute, gainera, aurtengoa urte berezia baita. Hurrengo aste eta hilabeteetan zehar ekitaldi gehiagoren berri emango dute. Momentu hori heldu arte, Gasteizko Txosnen ateak zabalik egongo dira.

Partaideak. Haien lana esparru ezberdinetan burutzen duten kolektibo ezberdinek osatzen dituzte Gasteizko Txosnak, adibidez, ikasle mugimenduek edo euskararen defentsakoek.

Kontaktua. Txapelketan izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko web orrialde berria daukate: gasteizkotxosnak.eus.

Gasteizko Txosnetako kide honek banda lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta epeak gogoratu zituen. Taldeek otsailaren 27ra arte daukate lehiaketan izena emateko.

datuak

8

Behin talde guztiek izena emanda, martxoaren 5etik 12ra 8 talde sailkatuak iragarriko dituzte Gasteizko Txosnek, eta zortzi hauetatik lau martxoaren 26an ospatuko den finalera helduko dira. Hauetatik bat ikuslegoak hautatuko du final handirako.

500

Banda lehiaketa honen talde irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Gainera, Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean.