gasteiz - Gorriz jantzita larrialdia irudikatzeko, kea isuriz eta Vitoria-Gasteizko zuhaixka zapi beltz batekin estaliz, zenbait talde ekologisten ordezkariek klima larrialdia salatu zuten eta euskal erakundeei Armentia 2ko gas putzuaren proiektuari uko egitea eskatu zieten. Hamabi elkarte ekologista batu dira helburu berdinarekin: Fridays for future Araba, Berriztu, Fracking ez Araba, Extinction rebelion Araba, Ekologistak martxan, Eguzki, Ekozaleak, Deshazkundea, Foro Araba Garoña gabe, AHT gelditu, Greenpeace eta Goiener.
Bai Eusko Legebiltzarrari, bai Gasteizko udalari, konpromiso berdina iragartzea eskatu zieten. "Madrileko COPean jasangarritasunari buruz edo Green Capitalari buruz hitz egiten duten bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Shesa (Euskadiko Hidrokarburoen sozietatea), gasa ustiatzeko euren proiektuarekin aurrera darraite", hasi zen Hodei Rodriguez, Berriztu elkartearen kide dena.
Haien aburuz, "Eusko Jaurlaritzak ezin du jarraitu erregai fosilen aldeko apustuarekin". Izan ere, Rodriguezek gogoratu zuenez, "larrialdi klimatiko deklarazioarekin koherentea izateko, gas-prospekziorako proiektu guztiei uko egin behar die eta energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetiko bat bultzatu".
Ekitaldi hau, jantziena, kearena eta zuhaixka estaltzearena atzo egitea erabaki zuten zenbait arrazoiengatik. Lehenengoa eta premiazkoena, atzo Eusko Legebiltzarrak Shesa enpresaren desagerpena eztabaidatuko zuela da. Gasteizko udal taldeei ere mezu bat bidali nahi izan zieten: "Udal talde politiko guztiei eskatzen diegu gas putzuak ahalbidetuko lituzketen HAPOaren aldaketak egiteari uko egin diezaiotela", adierazi zuen Berriztu elkarteko kideak. Hiritarrak mugimendu honetan parte hartzea ere eskatu zuten, "haiei ere eragiten dieten erabakiak direlako" gogoratuz.
Ekitaldian, talde ekologisten zenbait kidek adierazi zuten Armentia 2ko gas putzuaren proiektuarekin jarraituz gero, "Gasteizek Green Capital izateari utziko ziola". Mugimendu ekologista beti egon da, atzo berretsi zutenez, gas putzuekiko aurkakotasuna adierazten, "ez Araban, ez inon". Hodei Rodriguezek esan zuenez, "beti salatu izan dugu ezin dela gas-ez konbentzionala erauzi teknika konbentzionalak erabiliz, ez badira fracking edo antzeko haustura teknikak erabiltzen, eta horrek ingurumen kalte handiak eragingo ditu".
Taldeek uste dute ingurumen eragin txostenak ez dituela "behar bezala erantzuten aurkeztutako alegazioei". Gas putzuen aurkako oihuak batera eginez, prentsaurrekoari amaiera eman zioten. Oraindik ez daukate haien egutegietan kalera ateratzeko beste datarik, baina haien aldarrikapenak argi utzi zituzten atzo, emandako azken mezuarekin: "Zuen politika suntsitzaileen aurrean batu egingo gara bere garaian egin genuen bezala, 2.000 sinadura bilduz proiektuaren alegazioentzako, edo 103.589 sinadura bilduz frackingaren kontrako herri ekimen legegilerako". - S. Cabrera