GASTEIZ - Araban, ia 38.000 emakumek lan egiten dute etxeak zaintzen eta bertako nagusiak zein txikiak; etxeetako familiak aurrera eramaten dituzte. Horietako langile askok laneko urraketak jasaten dituzte. Izan ere, beste pertsona batzuk zaintzen lan egiten duten emakumeek -ia gehienetan emakumeak izaten direla azaldu dute- ez dute langabezia izateko eskubiderik, eta Zentzuz Kontsumitu elkartetik azaldu dutenaren arabera, langile askok astero 60 orduko lanagatik 1.050 euro baino ez dute jasotzen.
Hau eta beste hainbat urraketa salatzeko, Zentzuz Kontsumituk jardunaldi bat antolatuko du bihar, Sorginenean, Gasteizko Emakumearen Etxean (Santa María kalean), baldintza hobeen alde borrokatzeko aukera izan dezaten. “Legea ere oso diskriminatzailea da. Lan honetan ahultasun handia dago eta lan hau ez dago oso baloratuta. Emakumeak beren etxeetatik irteten dira beste persona batzuen etxeak zaindu eta etxekoei laguntzeko, baina gero lan baldintza txarrak pairatu behar dituzte, ez dute eskubide nahikorik, eta hau aldatu eta borrokatu beharra dago”, azaldu du egunkari honetan Estíbaliz Gómez de Segurak, Zentzuk Kontsumituzeko kideak.
Bihar Gasteizko emakumeen etxean, Sorginenean, goizeko 9.30etatik 18.00ak aldera, Gasteizko Zaintza Sareak, hainbat elkarteren sarea denak, Zentzuz Kontsumituk eta Mundubatek sustatutako etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen topaketa garatuko da. Orain arte ez da horrelako ekimenik antolatu Gasteizen. Honezkero, 80 inskripzio egin dira, eta 100 emakume baino gehiagok parte hartzea espero du Zentzuz Kontsumituk.
Jardunaldi honetan hiru gairen hausnarketak landuko dira. Lehenik, gure inguruan eta beste herrialde batzuetan zaintza lanak egiten dituzten emakumeen giza eskubideak; bigarrenik, sektore honetan lan egiten duten emakumeen antolakuntza eta, azkenik, ekonomia feministaren papera zaintzen berrantolaketan, hau da, zaintzak bizitzaren alderdi guztien erdian jartzearen garrantzia.
“Indarra hartzeko prozesu bat da hau. Uste dugu garrantzia handia duela horrelako ekitaldi bat egiteak, izan ere, emakume askok ez dakite beraien eskubideen alde borrokatu behar dutenik, bakarrik sentitzen baitira, baina kalean beraien egoera berean dauden beste asko daudela erakutsi nahi dugu, bakarrik ez daudela ikusarazteko eta egoerak hobetzeko”, aitortu du Estíbaliz Gómez de Segurak. Ildo honi jarraituz, Gómez de Segurak nabarmendu du zaintza lanen rola emakumeen esku dagoela, baita lan hau egiten duten emakume gehienak atzerritarrak direla ere. “Ekimenak beste zonalde batzuetan bizitzarako ezinbestekoa den lana gizartean onartu eta ekonomikoki bidezkoa izan dadin, antolatu eta mobilizatu diren etxeko langileen eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen taldeen esperientziak ezagutzeko aukera eskainiko du. Izan ere, ekitaldi hau goizeko 9.30etan hasiko da ekonomiari buruzko txarla feminista batekin. Ondoren, nortzuk eta nola zaintzen dute Gasteizen? etxeko langileen egoeraren ikerketa aurkeztuko da eta honi buruz hausnartuko da bi orduz.
lan sektora Hau bukatuta, elkarrekin bazkalduko dute. “Sorginenean bertan ere bazkaria antolatuko dugu eta ondoren , hausnarketa egin beharko dugu goizean egindako hitzaldiaren gainean”, aitortu du Gómez de Segurak .
Antolatuta eta antolatu gabe dauden emakumeen arteko esparrua sortzea da ekitaldi honen lehentasuna, munduan baztertuta eta diskriminatuta dagoen lan sektorea berreraiki eta lan honen garrantzia aldarrikatu eta honi indarra emateko, hainbat elkartetako ordezkariak ere izango dira jardunaldian, Territorio Doméstico de Madrid, Asociación de trabajadoras del hogar de Zaragoza, Mujeres Migrantes Diversas de Barcelona, Las Mélidas de El Salvador eta Trabajadoras No Domesticadas de Bilbao, hain zuzen ere. Egoera hau aldatu beharra dagoela adierazten dute Zentzuz Kontsumitutik; ez hori bakarrik: konfiantza guztia dute, kostata bada ere, denboraz eta pazientziaz egoera aldatzea lortuko dutela.
“Emakume hauek lan urraketa handiak jasaten dituzte, baina bakarrik ez daudela eta antolatutako ekintzak daudela ikustean, borrokarekin bat egingo dute, beraien egoeraz eta norberak jasaten duen lan eskubideen urraketaz konturatuko baitira”, dio Estibalizek.
Horregatik guztiagatik, Estibaliz Gómez de Segurak egoera hau aldatuko dela uste du . “Espainian plataforma berri bat sortu da eta indar handia du, eta hau martxoaren 8an lortzen dugunarekin gehituz, eta orokorrean egiten diren ekintza eta indar guztiak batuz, egoera hau ere aldatzea lortuko dugula uste dut”.
Bestalde, aipatu beharra dago, ekitaldi hau ez dela soldata finko bat duten langileentzat bakarrik, etxean lan egiten duen edonorentzat baizik. Hau da, etxekoandreek ere parte hartu ahal izango dute topaketa honetan: “Ez dakit arrazoia, baina gaur egun, etxe askotan emakumeak etxeko lan guztia egiten du, hori berak egin behar duela onartuta duelako. Gizon askok ere egiten du, baina oraindik, ez guztiek eta kasu hauetan emakumeek egiten dute aurrera lan zama guztiarekin eta rolak behingoz aldatu beharko ditugu”, aitortu du, eta, horregatik beraiei ere gonbidapena egiten die topaketan parte har dezaten.
Azkenik, Zentzuz Kontsumitutik aldaketaren beharra azpimarratu nahi dute bide bakartzat hartuz; izan ere, Estibalizek uste duenez, beraien herrialdeetan egoera prekarioak bizi dituzten emakume askok beraien bizitza hobetzeko asmoarekin bidaiatzen dute Estatura, baina jada hasi da, emakumeen trata egiten etxeko esklabotzako salerosketan. “Honekin ez du esan nahi, hau Euskadin gertatzen denik, ez, baina dagoeneko honelakoak gertatu izan dira, emakumeen salerosketa ez baita prostituzioan bakarrik ematen, orain alor honetan ere ematen da, benetan penagarria”.
Datuak. Araban, ia 38.000 emakumek lan egiten dute etxeak zaintzen eta bertako nagusiei zein txikiei laguntzen.
Jardunaldia. Bihar jardunaldia ospatuko da Gasteizko emakumeen etxean lan horretan gerta-tzen diren urraketak salatzeko. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udaletxeak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatzen dute. Goizeko 9.30etatik aurrera Gasteizko Zaintza Sareak, Zentzuz Kontsumitu-k eta Mundubat-ek sustatutako etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen topaketa garatuko da.
“Legea ere oso diskriminatzailea da. Lan honetan ahultasun handia dago eta lan hau ez dago oso baloratuta. Emakumeak beren etxeetatik irteten dira beste pertsona batzuen etxeak zaindu eta etxekoei laguntzeko”.