GASTEIZ - Gasteizko udaltzainek eta poliziak atzo beraien eguna ospatu zuten. Urtero bezela, urriaren 2an, Aingeru Zaindarien jaia ospatu zuten Agirrelanda udaltzain-etxean. Arriagako San Bizente Martiriaren parrokian erlijio-ekitaldia eginez hasi ziren ospakizunak, eta ondoren, harrera egin zuten Udaltzaingoaren instalazioetan, ehun bat gonbidatu ingururekin.
Gorka Urtaran alkatea eta Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasunaren zinegotzia izan ziren buru harrera-ekitaldian, eta arlo hauetako ordezkariak ere bertaratu ziren, besteak beste: udal talde politikoak; estatuko eta erkidego administrazioa; tokiko, erkidegoko eta estatuko segurtasun indar eta kidegoak; epailetza, fiskaltza eta Abokatuen Elkargoa.
Gorka Urtaranek aitortu zuen bezala, “Gasteiz superhiri europarra izan dadin, kalitateko zerbitzu publikoak izan behar ditu, eta horretan segurtasunak garrantzia handia hartzen du”. Gainera, alkateak Gasteiz hiri seguruena zela adierazi zuen: “Berez, Euskadiko hiri seguruenean bizi gara”.
Komisario buru den Roberto García Tobalinak ere udaltzangoei urte guztietan egindako lanagaitik eskerrak eman zizkien. “Aldaketa asko izan ditugu urte honetan, batez ere pertsonalari dagokionez. Jende asko erretiratu da eta udaltzaingogutxiago izan ditugu. Baina gure lana aurrera ondo ateratzeko gai izan gara”, eskertu zuen. Zentzu honetan ere, laster udaltzaingo berriei harrera emango die. “Egindako ahaleginagaitik eta lanagaitik, eskerrik asko udaltzaingo guztioi”, hau esanez bukatu zuen Komisarioak.
Hitzaldia bukatu bezain laster, azken 12 urteetan erretiratu ziren udaltzainei (35 orotara) ibilbide profesionala goraipatzeko diplomak banatu zizkieten, baita erretiratuen txartel profesionala ere.
urteak zerbitzuan Zerbitzuan 20 eta 30 urtetik gora daramaten udaltzainei, berriz, bereizgarri zuria eta gorria zuten diplomak eman zizkieten. Lehen taldean hogeita sei agente edo buru zeuden; bigarrenean, hogei.
Jarraian, Polizia Kidegoen arteko Tiro Txapelketako garaikurrak banatu ziren; Gasteizko Udaltzaingoko lehen agente bat izan zen garaile banakako kategorian, eta taldeen kategorian ere kidego horrek irabazi zuen. Orobat, sariak eman ziren Areto-futboleko Txapelketako irabazleari eta txapeldunordeari. - E.F.D.