Gasteiz - Irakaskuntzan aritzen diren gehienek bokazioz egiten dute, edo hori esan ohi da, behintzat. Euskara irakasleen kasuan nabarmenagoa al da hori?
-Bai. Gure baldintzak sekula ez dira izan beste irakasleenak bezalakoak, ez orduetan, ez soldatan, etab. Orduan beste puntu bat aurkitu behar diozu hemen lanean aritzeari. Hala ere, egunero topatzen dugu motibatzeko zerbait.
25 urte bete ditu aurten euskaltegiak. Nolako ekarpena egin dio denbora tarte horretan Gasteizen euskalduntzeari?
-Oso garrantzitsua izan da. Gasteizko euskalduntzearen parte garrantzitsu bat Gasteizko IKA euskaltegiak egin du. Ekarpen polita eta positiboa izan dugu eta urte asko eman ditugu horretan. Honen isla Gasteizko kaleetan, herri txikietan eta Arabako hainbat zonaldetan ikusten da.
Urte hauetan ikasleen motibazioa ere aldatu da?
-Bai, garaiak eta eskakizuna aldatu den bezala. Nik uste dut lehen ikasleak gehiago etortzen zirela ikasi nahi zutelako, motibazio pertsonalagatik. Gaur egun jasotzen dituzten titulu ofizialak direla eta, euskaltegira etortzen den ikaslea nahiz eta ikastera etorri noraino iritsi den esango dion agiria lortzera etortzen da. Lehen arruntagoa zen motibazio afektiboa eta orain afektiboa eta instrumentala elkarrekin bizi dira.
Titulua emateko ahalmen hori zertan aldatu du zuen lana?
-Titulua eman ahal izateak gure jarduna profesionalizatu egin du. Ez da berdin orain dela 25 urte eta orain zer egiten dugun, asko profesionalizatu gara ikasleen eskakizunak ere aldatu direlako. Haiek zer eskatu eta guk hura ematera joan gara. Horrek pixkanaka profesionalago bihurtu gaitu.
Zein da orain euskararen egoera Gasteizen?
-Beti baloratu izan dugu oso zifra baxuekin eta abiapuntu pesimista izanda. Baina uste dut izugarria izan dela urte hauetan emandako jausia. Ez dut uste Euskal Herrian beste inon gertatu denik horrelakoa. Txikitan eta gaztetan euskaraz hitz egiten zuen norbait entzun eta guk buelta ematen genuen. Oso jende gutxik hitz egiten zuen baina orain ez. Asko falta da egiteko baina itxaropentsu jokatu behar dugu. 25 urte hauetan egindakoarekin mundu guztia poz pozik egon beharko litzateke.
Zerk bultzatzen du jendea euskara ikastera?
-Bakoitzak bere motibazio propioak izango dituela pentsatzen dut. Batzuk adibidez B2 titulua ateratzera etortzen dira, hori behar dutelako beraien lanetarako baina gero jende asko pikatu egiten da eta haraino heltzean amaieraraino iristera ausartzen dira. Prozesu amaieran dauden ikasle askok ez dute titulurik behar baina erronka pertsonalak bihurtzen direla pentsatzen dugu. Ikasle askorentzat ere oso garrantzitsua da bigarren hizkuntza bat ondo jakitea.
Nola joan da matrikulazio kanpaina?
-Aurtengoarekin gustura gelditu gara. Azken lau edo bost urteak benetan gogorrak izan dira. Krisiak gogor jo du eta euskaran ere eragina izan du euskalduntze eta alfabetatze prozesu horretan. Aurten badirudi lasaiago hasi garela Gasteizko euskaltegi guztiak beraz, itxaropentsu berriro ere. Ematen du gizartearen lasaitze bat datorrela ekonomiaren ikuspegitik eta hori alde guztietan islatzen da.
Urtean zehar zenbat ikasle pasa-tzen dira euskaltegitik?
-Ikasturte batean, urritik irailaren bukaerara, 2.500 inguru pasatzen dira. Udalak ere guraso taldeak antolatzen ditu. Uste baino jende gehiago etortzen da. Baina azkenengoak ez dira garairik onenak izan.
Zein ikastaro mota eskaintzen dituzue?
-Mota pila batekoak, ia ‘a la carta’ eskaintzen dugu momentu honetan. Gizartean zer behar egon daitekeen identifikatu eta horretara moldatzen saiatzen gara.
Lanpetuta dagoen jendearentzat online ikastaroak eskaintzen dituzue. Nola egiten dira hauek?
-Honetan betiko dudak izan ditugu oso zorrotzak direlako. Mundu guztia ez dago prestaturik horrelako bat egiteko, ikasle fina eta nahiko metodikoa izan behar da. Ikastaroa ahalik eta pertsonalen egiten saiatzen gara, hau da, tutore bat dago atzean eta tutorearekin izaten den komunikazioa oso garran-tzitsua da guretzat. Tutoretzak eta mintza praktikak egin ahal izateko aukera ematen du programak.
Zein erronka ditu euskarak Arabako herrietan?
-Arabako erronka Euskal Herrian euskararen asmoa zabaltzea, heda-tzea eta errotzea da. Oinarrizko hizkuntza izatea guztiontzat, gaztelera daukagun bezala, denok jakitea eta euskaraz bizi ahal izatea. Arabak oso ezaugarri bereziak ditu, jende gutxi bizi den herri asko ditu, eta ez da erraza euskara ikasteko taldeak osatzea. Hezkuntza, umeen aldetik, bideratuagoa doa baina etorkizunean herri hau euskalduna izango bada ez dago bakarrik gazteen eta umeen esku, helduok ere parte aktibo bat gara eta euskara ere gure ardura da.
Zure ustez, euskaldunok norantz bideratu behar ditugu gure pausuak euskararen etorkizunari dagokionez?
-Euskarazko produktuen kontsumitzaile bihurtu behar gara. Euskarazko prentsa irakurri behar dugu, euskarazko telebista ikusi, interneten euskaraz nabigatu, euskarazko aplikazio telefonikoak izan. Euskaldunon betebeharra euskaraz gu bizitzea da.