Astean behin. Ordubetez. Taberna batean. Duela zortzi urtez geroztik asteartero zazpi lagun elkartzen dira Gasteizko The man in the moon tabernan. Zertarako? Euskaraz hitz egiteko kafesnea edaten duten bitartean. GEU elkarteak Gasteizko Mintzalagun programa 2007an abian jarri zuen. Eta harrezkero talde horretako kideak elkartzen dira. Beti ordu berean, arratsaldeko lauretan. Leku berean, The man in the moon tabernan. Mahai beraren inguruan. Hasieran, ezezagunak ziren. Gaur egun, ordea, Jose Kruz, Pilar, Ana, Amparo, Arantza, Mertxe eta Paqui oso lagun on bihurtu dira, eta konpromiso sendo bat betetzen ari dira: euskaraz mintzatzeko motibazioa handitzea. Egitasmo horretan oso gustura parte hartzen dute. Ideia nagusia argi daukate: mintzalagunaren helburua ez dela euskara irakastea edo ikastea, euskarazko mintzapraktika bultzatzea baizik. Ez dute gai zehatzik mintzatzeko, momentuan sortzen dena: egunkarietan agertzen diren gaiak, lana, familia, eta abar. Baldintza sinple bat bete behar dute, euskarazko elkarrizketa batean parte hartzeko maila izatea.

Pilar Martínez Nafarroako 77 urteko etxekoandrea da. Zortzi urte darama Gasteizko talde honetan. Orain dela 34 urte euskaltegian hizkuntza ikasten hasi zen, “txikitatik euskara asko gustatzen zaiolako”.

Lagun batek mintzalagun egitasmoa adierazi zion orain dela zortzi urte. Handik aurrera talde berean parte hartzen du, “oso poziki, oso gustura”. Bere familian, bakarrik biloba batekin euskaraz mintzatzen da. “Normalean seme-alabekin eta lagunekin gaztelaniaz hitz egiten dut”. Ekintza horri esker, euskara hobetzea du helburu. Eta gainera, “oso lagun onak ezagutu ditu”.

Ana Serrano 52 urteko geologoa da. Pilarrekin talde berean parte hartzen du 2007az geroztik. Salamancakoa da, eta bi seme dauzka. Anaren arabera, gaur egun semeekin euskaraz hitz egitea ez da hain erraza. Batez ere, ohituragatik eta adinagatik. “Batzuetan semeekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Baina umeak txikiagoak zirenean errazagoa zen. Gaur egun, nerabezaroan, zailagoa da. Nahiz eta euskaraz hasi, berehala gaztelania erabiltzen dugu”. Behintzat, bere semeek, batez ere nagusienak, lagunekin euskaraz hitz egiten dute, bai ikasketetan, bai kalean.

Orain dela zortzi urte geologo honi Bai & By akademiako irakasle batek mintzalagunari buruz hitz egin zion. Momentu horretan Anak zera pentsatu zuen: “Zergatik ez?”. Bere kasuan euskara erabiltzea ezinezkoa zen, ez etxean, ez lanean.

Amparo Pinedo, 46 urteko administratiboa, eta Arantza Ahedo, 51 urteko erizaina, talde honetara heldu ziren orain dela lau urte. Biek bigarren perfila lortu zutenetik, euskara ikasteari utzi zioten. Baina argi zeukaten ez zutela euskararekiko harremana galdu nahi. Horregatik, mintzalagun talde horretan parte hartzen dute duela lau urtez geroztik. Nahiz eta bigarren perfila lortu, bere inguruan batez ere gaztelaniaz hitz egiten dutela adierazi du Arantzak. Horregatik, berak euskaraz hitz egiteko beste aukera bat aurkitzea erabaki zuen.

Jose Kruz, Nafarroako 59 urteko hezkuntza teknikaria, talde honetako mintzalaguntzailea da. Zer da hori? Mintzalaguntzailearen zeregina taldeko eredu izatea da (inolaz ere ez maisu edo irakaslea).

Hizkuntza menperatzen duen heinean taldeari bizitasuna eta freskotasuna eransten dio. Jendeari euskaraz hitz egitera eta solasaldian parte hartzera animatzen dio, lotsarik gabe, trabarik gabe. Duela 8 urtez geroztik, Jose Kruzek taldean parte hartzen du. “Nire kasuan, familiarekin, lagun batzuekin eta lanean euskaraz hitz egiten dut. Baina Gasteizko kaleetan oso gutxi erabiltzen dut euskara”.

“Mintzalaguntzaileak ez dira irakaleak. Hizkuntza menperatzen dute, eta behintzat astean behin elkartzeko eta euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dute”, adierazi du Gasteizko Mintzalaguneko teknikari Naroa Cuestak. Ahal den heinean mintzalaguntzaile bat egoten da (euskaraz ondo moldatzen den pertsona) talde guztietan. Mintzalaguntzailea boluntarioa da, eta ikasten ari direnei laguntzeko aritzen da mintzapraktika programa honetan.

talde txikiak Gasteizen 650 lagun baino gehiago ari da asteroko dinamika horretan parte hartzen. Mintzalagun egitasmoak euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzeko helburua dauka. 6-8 laguneko taldeak sortzen dira, astero euskaraz hitz egiteko elkartzen diren talde txikiak, hain zuzen ere. Aisialdian kokatzen dira harreman hauek, eremu ez formalean. Salbuespenak salbuespen, taldeak gutxienez astean behin ordubetez elkartzen dira, normalean taberna batean, baina taldeek lekua erabakitzeko askatasun osoa dute.

Egitasmo honetan parte hartzeko euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da (Hizkuntza Eskolako B.1.2, euskaltegiko 6. urratsa edo baliokidea). “Pertsona batzuek hitz egiteko ahalmen handia daukate. Oraindik ez dira 6. urratsera heldu, baina haiek ere parte har dezakete”, adierazi du Gasteizko Mintzalaguneko teknikariak.

Nahi duten ikasleek ikasturtean zehar tarteka solaskide boluntario batekin geratu eta euskaraz jarduteko aukera izaten dute Mintzalaguna egitasmoari esker.

Mintzapraktika programek garapen izugarria izan dute Euskal Herri osoan, azken sei urteetan laukoiztu egin da parte hartzea. Azken datuen arabera (2012/2013 ikasturte hasieran bildutako datuak dira), 5.487 mintzalagun daude Euskal Herri osoan (Bizkaian 2.310, Gipuzkoan 1.407, Araban 970, Nafarroan 774, Iparraldean 38). Esaterako, Gasteizen bertan 650 lagun baino gehiago ari da asteroko dinamika horretan parte hartzen. Araban azken bizpahiru urteotan mintzapraktika egitasmoak asko zabaldu dira. Ordutik hona mintzalagunen kopurua modu esanguratsu batean handituz joan da. Horrela, lehenengo urtean parte hartu zuten 227 lagunak biderkatu egin dira, eta 2013-2014 ikasturtean 650 hiritar bildu dira. Euskararen inguruko azken inkestek Araban ezagutza maila nabarmen igo dela diote, ez ordea erabilera. Lagun askok ez daukate hizkuntza praktikatzeko aukerarik bere ingurua erdalduna delako.

Horregatik, mintzalagun programarekin erabilerari bultzada eman nahi zaio, euskaraz hitz egiteko aukera edonork izan dezan.

Mintzapraktika saioak ez dira eskolak, beraz, inork ez ditu gaiak aurretik lantzen. Ahalik eta naturalena izatea da helburua.

Gasteizen euskararen ezagutza inoiz baino hedatuago badago ere, erabilera ez da hainbeste zabaldu. Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin jaio zen Gasteizko Mintzalaguna programa. Helburu nagusiak dira euskaraz mintzatzeko jarioa lantzea, euskaraz mintzatzeko motibazioa handitzea, euskaraz aritzeko ohitura txertatzea, harreman sare euskaldun berriak sortzea, eta Gasteizko euskal giroa ezagutaraztea.

Nahitaezkoa da eguneroko bizimoduan euskarak presentzia izatea. Ezin dugu ahaztu euskaldun askok zailtasunak izaten dituztela hizkuntza praktikan jartzeko. Baina euskaldunak dira euskararen etorkizuna beren esku dutenak.