- Ikasleen itzulera mailakatuarekin bat, administrazio ezberdinek lege eta erabaki propioak hartu dituztela ikusita, Ikastolen Elkarteak ere planifikazio propioa egin du. Alde batetik, ikasle nagusienei dagokienez, haientzako lana eta jarraipena bermatuta daudela dio Ikastolen Elkarteak: “Lanerako ohitura berriak barneratu dituzte eta ordutegiak eta ikasketa prozesuak antolatuta daude. Horiek horrela, itzulera orokorrak arazo gehiago sortuko lituzke onurak baino”. Bestetik, ikasle txikien kasuan, jarraipena eta proposamenak egiten ari da, beti ere itzuleraren antolaketarako zailtasunak eta ezintasunak kontuan hartuz.

Gauzak horrela, hainbat ideia atera dira. Adibidez, DBH 4n, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan eta Lanbide Heziketan, ezohiko ebaluaziora begira errefortzuak eskaintzeko beharra aurreikusten da. Halaber, Batxilergoko 2. mailako ikasleek USE probaren prestaketarako saioak izateko beharra dute IE-ren arabera. Halaber, ekintza puntualak egitea edo arreta eta errefortzuak behar dituzten guztiei eskaintza ziurtatzea ere badaude konklusioen barruan, beti ere guztien osasunaren zaintzarako baliabideak egotekotan.

Ideia horien artean, hainbat proposamen gisa baliatuko ditu Ikastolen Elkarteak. Prentsa ohar baten bidez, jakinarazi dutenez, hurrengoak dira garrantzitsuenak: Lanbide Heziketako tailer eta praktikekin lotutakoak bideratuko dira, USE proba prestatzeko saioak egingo dira, egoera soziolingusitikoak eragindako gabeziak beteko dira, ezohiko egoeraren ondorioz ikasketa prozesuarekin zailtasunak dituztenei arreta eskainiko zaie edota DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen orientazioa landu behar da, horretarako bilerak eta dinamikak planifikatuz.