Berriemaile

- Abertzaleek egun historikoa bizi izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulian alkatetza lortu baitzuten lehen aldiz Urruña, Ziburu eta Itsasun. Uztari-tzen hauteskundeak irabazi zituzten bigarren aldiz jarraian eta Senpere eta Hendaian udal gobernuetan egonen dira. Urruñan Filipe Aramendi abokatua izanen da auzapez berria, Ziburun Eneko Aldana Sortuko kide eta EH Bai koalizioaren langilea, eta Itsasun Mikel Hiribarren nekazaria eta Euskal Laborarien Batasuna sindikatuko kidea. Baionan, Jean René Etchegaray zentristaren zerrenda anitza nagusitu zitzaion bigarren aldiz Henri Etcheto sozialistak gida-tzen zuen talde anitzari. Etchetok baino 1 .027 boz gehiagorekin, Etchegarayk bozen ia %54 lortu zuen. Dena den, parte hartzea %43,43koa besterik ez zen izan atzo Lapurdiko hiriburuan. Etchegaray datorren larunbat goizean izendatuko dute Baionako alkate.

Miarritze eta Maulen alkate berriak izanen dituzte. Lapurdiko kostaldeko hirian lau hautagaitza zeuden lehian baina faboritoa, Maider Arosteguy eskuindarra, nagusitu zen botoen erdia eskuratu ondoan. EAJ eta Eneko Goia Donostiako alkatearen sostengua zuen Guillaume Barucq mediku ekologistak bozen %26 lortu zuen; Nathalie Motsch zentristak %14,74, eta Jean Benoit Saint Cricq eskuindarrak %8,74. Miarritzen ere bozka bulegoetan baino herritar gehiago hondartzan zegoen atzo parte hartzea %46ekoa izan zelako. Bien bitartean, Zuberoako hirinagusiak alkate komunista izanen du datozen sei urteetan: Louis Labadot. 77 urte dituen hautetsiak hauteskundeak irabazi zituen atzo agintera heltzeko egindako zazpigarren saiakeran. Ezkertiarrak Michel Etchebest enpresari euskaltzalea eta azken hamabi urteetan Mauleko alkate izan denak baino 39 boz gehiago eskuratu zituen.

Hendaian, Kotte Ecenarro sozialistak abertzaleak eta komunistekin egindako aliantzak irabazi zituen hauteskundeak bozen %55 bilduta. Pascal Destruhaut-ren herritar zerrenda anitzak bozen %32,71 lortu zuen lehen itzulian eta atzo, bigarrenean, emaitzak nabarmen hobetu zituen baina ez nahiko ezkerreko taldea garaitzeko. Osasun krisia eta ekonomikoari aurre egiteaz gain, enplegua, etxebizitza eta mugikortasunaren gaiei erantzunak bilatzea izango da hautetsi berrien betebeharra. Duela hiru urte sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa osoki berritu beharko dute ere. Jean René Etchegaray erakunde horren sortzaile eta lehen presidentea izan denak ez du oraindik argitu kargu horretan segitu nahi izanen duen. "Baionarrekin ospatzen dut herriko etxearen garaipena. Gero kolaboratzaileekin ikusi beharko dut zer egin, erabaki hori ez baita horrela bakarrik hartzen ahal" zioen atzo gauean udaletxeko balkoian bigarren garaipena ospa-tzen ari zela.