Síguenos en redes sociales:

Udan sartuko gara igande honetan, bero handiarekin

Udan sartuko gara igande honetan, bero handiarekinPilar Barco

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, ekainaren 21ean, 10:24tik aurrera udan sartuko gara, eta bero handiarekin egingo dugu. Uda beteko beroa izango dugu, eta maximoak 35 gradutik gorakoak izango dira ia denean, eta zenbait lekutan 40 gradu ingurukoak ere. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da oro har, baina kostaldean arratsaldean iparraldeko haizea sartuko da eta zertxobait freskatuko du. Zeruan, hodei gutxi, erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin.

Hiriburuetan, Baionan 20 gradu espero dira gutxienez eta 37 gehienez, Bilbon 21 gutxienez eta 37 gehienez, Donostian 21 gutxienez eta 35 gehienez, Gasteizen 17 gutxienez eta 37 gehienez eta Iruñean 19 gutxienez eta 39 gehienez.

Itsasbazterrean hego-ekialdeko haizea ibiliko da 2ko indarrarekin, eta eguerditik aurrera ipar-ekialdekoa 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro erditik beherako olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 10:43an eta 23:05ean izango dira, eta itsasbehereak 04:22an eta 16:35ean. Uraren tenperatura 21 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

BESTE GAI BATZUK

Beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzak, Communauté d'Agglomération Pays Basque erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek DOBLA proiektua jarri dute martxan Euskal Herriko lurraldeetan dantza sektorea indartzeko asmoz, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzen bidez.

Ekimenaren sustatzaileek aste honetan Miarritzen egindako aurkezpenean azaldu dutenez, hurrengo hiru urteetan, DOBLA proiektuak lurraldeko konpainien nazioarteko proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa espazioei prestakuntza eta laguntza eskainiko dizkie, dantzarako agertoki eta publiko berriak zabalduko ditu, sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta lurraldeko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du.

1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak mugaz gaindiko dantza sektorearen egituraketa indartu nahi du, baita sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako aukerak handitu ere, "dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, komunitatea sortzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko gaitasun berezia baitu".